Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ahal Duguko koordinazio kontseilua Irurtzunen elkartu zen ostiralean. Bateko eta besteko idazkari nagusi Eduardo Santos eta Lander Martinez izan ziren ordezkaritzen buru. Bilkuran ere presente izan zen Virginia Alonso altsasuarra. Ahal Duguko kideek jakinarazi zutenez, aurretik bazen bi erakundeen arteko “elkarlana eta koordinazioa”, eta harreman horiek orain “sendotu” egin dituztela argitu zuten. “Kezka komunak ditugu” esan zuen, enplegua, bakea, bizikidetza, euskara, erkidegoen finantziazioa edota Ekonomia Kontzertua eta Ituna aipatuz. Nafarroako Ahal Duguk beste erkidegoekin ere harremanak izanen dituela aurreratu zuen Santosek, eta hurrengoa Aragoi izanen dela jakinarazi zuen.