Ezkurdia brontzezkoa Buruz Burukoan

Guaixe 2018ko mai. 21a, 15:51

Buruz buruko 3. eta 4. postua erabakitzeko partidan Ezkurdiak 22 eta 21 irabazi zion Elezkanori partida oso lehiatuan

Igandean Buruz Buruko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Danel Elezkanok Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Dirua Ezkurdiaren alde atera zen eta Buruz Buruko finaletarako ez sailkatzearen arantza atera nahi izan zuten bi pilotariek, hirugarren postua baitzegoen jokoan.

Bi pilotariak parez pare ibili ziren, baina zazpigarren berdinketaren ondoren tartea ateratzen hasi zen arbizuarra (13 eta 11 eta 16 eta 12). Baina Zaratamokoak ez zuen etsi, 8 tanto egin zituen jarraian eta 16 eta 19 aurreratzea lortu zuen, Ezkurdiaren zoritxarrerako. Izan ere, Elezkanoren pilota bat frontisetik gertuago zebilen atzeko koadroetan baino, eta tarte horretan Elezkano  Ezkurdia baino hobeto maneiatu zen, eta arbizuarrak ezin izan zuen bere boterea ezarri. Ezkurdiak 19ra berdindu zuen hiru erremateei esker eta Danel Elezkano sorpresa ematekotan egon zen, atzera bidalitako pilota batekin eta sake batekin 21era hurbildu zelako, baina Ezkurdiak ongi eutsi zuen, 21era berdindu zuen eta garaipenaren tantoa lortu zuen, Buruz Buruko hirugarren postua lortuz eta finalerdietako kanporaketan huts egin izana nolabait arinduz.