Zazpimendi, Jose Luis Berazarendako

Guaixe 2018ko mai. 22a, 13:51

Uharteko korrikalariak BHZ Menditraileko distantzia gogorrena egiteko (44 km) 4 ordu eta 46 minutu behar izan zituen eta merezimendu osoz irabazi zuen traila

Sakandarrak BHZ Menditrailen
Zazpimendi (44 km)
1.Jose Luis Beraza:    4:46:06
4.Gorka Santesteban:    4:57:50
45.Damian Andueza:    6:51:21

Hirumendi (28 km)
1.Ion Sola:        2:14:46
10.Joxeja Maiza:        2:39:01
11.Alberto Razkin:    2:39:02
41.Ibon Ubeda:        2:59:02
44.Iñaki Rubio:        3:03:28
75.Aran Larrañaga:    3:15:24
76.Patxi Rubio:        3:15:25
87.Erkuden S. Martin:     3:21:53

Bimendi (13 km)
1.Aritz Otegi:        1:03:37
9.Migel A. Asurabarrena:     1:08:46
31.Jose Angel Maiza:    1:17:00
62.Fco. Javier Vinagre:     1:24:22

Igandean Atarrabiak BHZ Menditrail lasterketa hartu zuen, hiru modalitateetan: Zazpimendi (44 km), Hirumendi (28 km) eta Bimendi (13 km). Guztira 439 korrikalarik hartu zuten parte eta eguzkiak eta beroak eragina izan zuen euren jardunean. Guztiak batera atera ziren eta gero bakoitzak bere distantzia aukeratu zuen.

Zazpimendi proba aurten estreinatu zuten eta Oiana, Larzabal, Antxoriz, Ostiasko, Mendurro eta Ezkaba gainei egin behar izan zieten aurre sailkatu ziren 44 korrikalariek. Jose Luis Beraza beterano uhartearrak sekulako lezioa eman zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (4:46:06), bigarrenari, Aitor Iraizozi, 6 minutu pasa aterata (4:5235). Uharte Arakilgoa ikusgarri aritu zen. “Oso proba polita da, baina gogorra egiten da. Arerioak indartsu atera dira hasieratik eta Ezkaba igo baino lehen bi korrikalari nituen aurretik. Helburua eurak begi bistan izatea zen, Ezkaban gora aurreratu ahal izateko, eta horrela gertatu da. Izugarri disfrutatu dut, ongi bukatu dut lasterketa eta oso pozik, proba absolutua irabazi izanagatik” azaldu zuen Uharte Arakilgo korrikalari bikainak. Aipatzekoa da ere Gorka Santesteban etxarrendarra laugarrena sartu zela (4:57:50) eta Damian Andueza 45.a (6:51:21). Emakumezkoetan Amaia Mutilba gailendu zen (7:17:39), helmugan 52.a.

Hirumendin (28 km) 144 korrikalari sailkatu ziren, Ion Sola (2:14:46) eta Leire Baraibar (2:43:18) buru zirela. Joxeja Maiza etxarriarra 10.a sartu zen (2:39:01) eta Alberto Razkin etxarriarra 11.a (2:39:02). Eta Bimendi lasterketa (13 km) 222 korrikalarik osatu zuten, Aritz Otegi (1:03:37) eta Amaya Vicente (1:17:33) aurretik zirela. Migel Angel Asurabarrena lakuntzarra bederatzigarrena sartu zen (1:08:46).

Goizutrail
Larunbatean Goizutrail lasterketa jokatu zen. Proba laburrean (10 km) 116 korrikalari lehiatu ziren eta Ander de Luis (50:37) eta Onintza Mitxelena (1:04:48) izan ziren azkarrenak. David Mutiloa irurtzundarra seigarrena sartu zen helmugan (55:46), Ibon Arregi 17.a (1:00:19) eta Migel Angel Asurabarrena 74.a (1:13:06).