Tributo taldeak

Ricardo Areta Urrestaratzu 2018ko mai. 25a, 08:22

kolaboratzaileak

Tributo taldeen gorakada bizi izaten ari gara eta gorakada diot, hau berria ez delako. Mota honetako taldeak beti egon izan dira. Jatorrizko musika taldearen onespena zutenak ere baziren, nahiz eta gutxi izan eta euren oihartzuna urria.
Egun, musika aretoek, euren programazioan, mota honetako musika talde ugari hartzen dituzte eta sarrerak agortzen dira.
Musikari profesionalen multzoan mota guztietako iritziak daude honen gainean, baina orokorrean jatorrizko musika taldea ez da fenomeno honekin oso eroso sentitzen. Batzuk halaxe azaltzen dute sare sozialetan eta tributo taldeetan lan irteera topatu duten beste profesionalen erantzunek jarrera kontrajarriak sortzen dituzte, eztabaida deskalifikazioetara iristen delarik. Sare sozial batean gai bati buruz eztabaidatzen denean gertatzen ohi dena.
Baina, zergatik? Nondik dator musika fenomeno hau?
Musikariek, berez, entzuten duten musika bertsionatzeko joera izaten dute. Euren ikaskuntza eta garapen prozesuaren zati bat da. Elkarrizketetan, ia derrigorrezkoa izaten da izandako eraginei buruz galdetzea eta erantzunetan, guztiek, ibilbide diskografiko bat duten taldeak edota bakarlariak aipatzen dituzte, ez armoniako irakaslea.
Tributo taldeak musika genero bat bezala hartzen baditugu, garapen bati buruz hitz egin dezakegu. Musika estilo bat ez da goizetik gauera sortzen, aurreko estilo baten  garapena izaten ohi da. 70.hamarkada rockak, 80.hamarkadako heavya ekarri zigun eta askoren iritziz, dena kotoi plantazioetan sortu zen  bluesetik dator.
Baina Mississippi alde batera utzi eta Euskal Herrira itzuliz, hemen bertsionatzaile petoak izan garela agerikoa da.
Festetako taldeek, folklorea jotzeaz gain, garaian garaiko arrakasta handiko abestiak gehitu behar izaten dituzte euren errepertorioan. “Egan” taldea aitzindarietako bat da lan honetan, beste talde batzuen abestiak hartu eta letra euskaratuz. UB40ren Red Red Wine bezalako abestiak ekartzen dizkigu eta plazara John Denver, The Eagles, Linda Rondstadt, Simon and Garfunkel edo Bob Marley bezalako artistak hurbiltzen dizkigu.
Tapia eta Leturiak, panderoa eta trikitixa bikotea musikari talde oso batekin uztartu zuten plazak girotzen jarraitzeko. Trikitixarako errepertorio urriaren aurrean, “tex mex” abestietara jotzen dute eta estilo berri bat sortzen dute Flaco Jimenez bertsioneatuz.
Plazak alde batera utziz, proiektu pertsonalago bat eta euren abestiak sortu arren,  bertsioen eragin oso nabaria izan duten taldeak aurkitzen ditugu. Sarri Sarri Kortaturen abesti adierazgarriena da eta Jamaikatik iritsi zen, Toots and the Maytals-en eskutik. Potatorekin hainbeste dantzatu izan dugun “Miguelin el Kasero”, jatorriz,  Byron Lee-rena da. Hertzainak taldeak ere The Clash taldearen abestietara jo zuen.
Bertsioek sortzen ari diren taldeei ikusgarritasuna ematen diete eta talde berrien promozioan paper garrantzitsua jokatzen dute. Entzuleek gustuko dituzten abestiak entzun nahi dituztelako onartzen dituzte eta festa eta dantzaldietan halaxe izan da beti. Hemendik talde batean espezializatzera, urrats bat besterik ez da, eta tributo talde bat dugu.