Sistema kapitalista heteropatriakalaz hitz egiten dugunean, sistema sozioekonomiko batez baino gehiago ari gara; izan ere, eragiten digun zapalkuntzaren irakurketa eskema produktibotik soilik egiteak, zapalkuntza osotasunean ez baloratzea dakar.
Bizitzaren merkantilizazioa pentsaezina zitzaigun mailetara iritsi da; eta sistemaren subsistentziarako emakumeek zapalduak izaten jarraitzen dute, bai boteretsuen eskutik, baina baita menperatuen eskutik ere.
Bizitza sostengatzeko ardura feminizatu egiten da, eta bizitzeko behar ditugun errekurtsoak lortzeko egiturazko segurtasun eza sortzen digute. Momentuan aseta bagaude ere, etorkizun hurbilean ez dakigu nola eta non egongo garen, horrek guztiak bizi-proiektu osasuntsu bat amesteko, erabakitzeko eta zehazteko ezintasuna sortzen digu.
Honen aurrean gure hautua argia da: gatazka erdigunean jarriz, sistemak berak bizirauteko behar dituen trikimailuak agerian utzi, eta hauek gainditzeko eremu pertsonalean geratzea nahi duten gatazkak politikoak direla aldarrikatzen dugu. Hau da, emakumeak zapaltzen dituenak bere pribilegioen aurrean desboteretze prozesu bat ematea hautu politikoa da; heteropatriarkatua kolokan jartzen duenak eta beste harreman-eredu batzuk garatzea erabakitzen duenak hautu politikoa egin du; abortatzeko eskubidearen alde borrokatzea hautu politikoa da; maitasun erromantikoa kolokan jartzea hautu politikoa da; e.a.
Finean, bizitza era duinean garatzeko ditugun mugen aurrean erabaki politikoak hartu eta kolektibizatzea da burujabetza feminista, gure gorputzen askatasunetik herri askatasunera salto egitea; ez delako herri askerik izango, pertsona askerik ez badugu.
Honenbestez, sakandar guztiei dei egiten diegu datorren ekainaren 9an “Dena aldatzeko, ongi bizitzeko: burujabe” lelopean Altsasun eginen den aldarrikapen-egunean parte hartzeko; besteren artean, Euskal Herri feminista aldarrikatzeko.