Emakumezkoen puntako partida gaur Etxarrin: Mulier vs San Ignacio

Guaixe 2018ko mai. 29a, 13:46

Euskal Herriko Emakumezkoen Kopako final laurdenetako partida hartuko du San Donato zelaiak gaur, asteartean, maiatzaren 29an, 19:30ean. Irati Igoa, Aroa Cerezo, Maialen Vilariño eta Ane Cantero jokalari sakandarren taldea zuzenean ikusteko aukera izango dugu

Emakumezkoen Futboleko 2. Mailan jokatzen du Mulier talde nafarrak. Bertan lau sakandar dabiltza: Ane Cantero atzelari altsasuarra (1997-12-10), Irati Igoa aurrelari etxarriarra (2001-03-29), Aroa Cerezo atzelari lakuntzarra (2002-02-26) eta Maitane Vilariño erdilari olaztiarra (2002-06-30). Azken hirurek aurten debutatu dute taldearekin.

Taldea guztiz berritu zen denboraldi honetarako, 16 jokalari berri sartu baitziren, eta taldea sortzea eta egonkortzea, hori zen euren nahia, “indartsu izateko taldea sortzea” bere entrenatzaile Mikel Gonzalezen esanetan. Eta badirudi helburua lortu dela, Mulierrek bigarren mailari eustea lortu baitu eta ligan zortzigarrena sailkatu da (33 puntu).

Euskal Herriko Kopa eta Nafarroakoa
Orain Euskal Herriko Emakumezkoen Kopan eta Nafarroako Kopan murgilduta dago taldea. Horrela, gaur, asteartean, Euskal Herriko Kopako final laurdenetako partida jokatuko du Mulierrek Etxarri Aranatzen, 19:30ean San Donato zelaian hasiko den partidan. Irati Igoa bertakoa da eta Sakanakoak dira ere Aroa Cerezo, Maitane Vilariño eta Ane Cantero. Azken honek, tamalez, ezingo du jokatu, atzera ere belaunean lesioa duelako. Dena den, jardunaldi berezia izango da sakandarrendako.

San Ignaziok aurreko denboraldian lehen mailara igotzeko play-offak jokatu zituen eta aurten Mulierren kontra aritutako bi alditan garaipen bana lortu du talde bakoitzak. Beraz, goi mailako partida lehiatuaz gozatzeko aukera izango dugu asteartean, saria ez baita makala: irabazleak Euskal Herriko Kopako finalerdia jokatuko du Athletic Club edo Errealaren kontra.

Horretaz gain, Nafarroako IMQ Kopako finala jokatuko du Mulierrek ekainaren 9an Tafallan, Berriozarren kontra.

Irati Igoa, Aroa Cerezo eta Maitane Vilariño lan ederra egiten ari dira Mulierren. Hurrengo urtean ere taldean jarraituko dute. Aldiz, Ane Canterok oraindik ez du erabaki, kanpora baitoa ikastera.

Mulier 2017 / 2018

Atezainak: Maialen Villanueva eta Nuria Rodriguez.
Atzelariak: Ane Cantero, Aroa Cerezo, Ines Escribano, Irene Gaztelu, Josune Urdaniz, Nahiara Sanchez, Olaia Brieba eta Ariana Montañes.
Erdilariak: Aitana Zumarraga, Argiñe Iraizoz, Lorena Montañes, Maria Aizkorbe, Alba Gil, Carlota Ursua, Maitane Vilariño eta Naroa Perez. 
Aurrelariak: Irati Ros, Tamara Sanchez eta Irati Igoa. 
Entrenatzailea: Mikel Gonzalez.