Ormazabal, Villar eta Juango Nafarroako Itzulian

Guaixe 2018ko mai. 24a, 12:06

Asteazkenean hasi zen eta larunbatean despedituko da afizionatuen mailako proba ezaguna. Rural Kutxa talde sakandarraz gain, Asier Ormazabal (Lizarte), Pablo Villar (Telcom) eta Odei Juango (Telcom) sakandarrak ari dira lehian

Atzo hasi zen afizionatuen mailako 57. Nafarroako Itzulia, Tuteran jokatutako ia 5 km-ko erlojupekoarekin. 21 talde ari dira lehiatzen, tartean Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra. Horretaz gain, hiru txirrindulari sakandar dabiltza, Asier Ormazabal ziordiarra (Lizarte), Pablo Villar arakildarra (Telcom) eta Odei Juango lakuntzarra (Telcom).

Atzoko erlojupekoan Lotto taldeko Ruben Apers belgiarra gailendu zen (6:11) eta hirugarrena Rural Kutxako Jose Daniel Viejo izan zen, segundo batera. Lehen nafarra Lizarte taldeko Asier Ormazabal ziordiarra izan zen, helmugan 12.a, 13 segundora. Lehen nafarraren saria jaso zuen sakandarrak. “Etapa oso teknikoa eta esplosiboa izan da. Etapa guztiak dira gogorrak, baina pentsatzen dut larunbatekoa indartsuenendako etapa izango dela” azaldu zuen. Bestalde, Pablo Villar 37.a sailkatu zen, 37 segundora, eta Odei Juango 95.a, 40 segundora.

Gaur Lodosan hasi eta Azagran despedituko den etapa dago jokoan (148,5 km), tartean 3. mailako Peralta gaina dagoela. Ostiraleko etapa Agustinos industrialdean hasi eta Altzuzan despedituko da, Oteiza Museoan, eta larunbatekoa Sarrigurenen hasi eta lehen mailako Muskildako gainean bukatuko da.