Sakanako kirolariekin mahai inguru ederra Olaztin

Guaixe 2018ko mai. 24a, 16:00
Argazkia: Olatz Etxagibel.

Sutegi taldeak antolatutako kirol asteburuari eman zion hasiera Beunza, Aramendia, Mazkiaran, Zubieta eta Ezkurdia protagonista izan zituen mahai inguruak

Joan den ostiralean Sutegi kirol klubak eta Domingo Bados Ikastetxeko Euskara Batzordeak Sakanako kirolari euskaldunen mahai ingurua antolatu zuten Clinker tabernan. Bertara ondoko kirolari sakandarrak gonbidatu zituzten: Izaskun Beunza korrikalari olaztiarra, Maialen Aramendia txirrindulari iturmendiarra, Ainhoa Mazkiaran segalari altsasuarra, Aitor Zubieta pilotari ohi etxarriarra eta Joseba Ezkurdia pilotari arbizuarra.

Iñaki Berastegi kirol kazetari urdiaindarrak zuzendu zuen ordubete inguru iraun zuen mahai ingurua. Jorratu ziren gaien artean, hizlariek euren kirola barrutik deskribatu zuten, norberaren esperientzien bidez, baldintza profesional ezberdinak izan zituzten hizpide, motibazioa nola mantendu behar den aipatu zuten eta emakumearen eta euskararen egoeraz aritu ziren, besteak beste. Amaieran Sutegi taldeak askari ederra eskaini zien guztiei.

Mahai inguruarekin Sutegi taldeak antolatutako Olaztiko kirol-asteburua hasi zen: larunbatean inguruko mendian zehar bigarren ibilaldia egin zuten eta igandean Sutegi kirol taldeko eskola ezberdinek –gimnasia erritmikoa, esku pilota, irristaketa eta areto futbola– erakustaldia eskaini zuten. Kide guztientzako askariarekin bukatu zen jarduna.