Profil profesionalak hobetzeko neurri sorta

Guaixe 2018ko mai. 25a, 14:32

Nafar Lansarek eta Sakanako gizarte eragileek ezinbesteko jotzen dute ibarrari egokitutako prestakuntzarekin sakandarren profil profesionalak hobetzea, lan munduan sarbide hobea izateko

Gizarte arloko ikerketa eta garapen proiektua da ERSISI, Europar Batasuneko Gizarte Berrikuntzako programaren parte dena eta Nafar Lansareren eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez Tuteran eta Burunda mendebaldea garatzen ari dena. Bi zerbitzu horiek integratu edo bateratu egin dira gizarte eta lan arazoei aurre egiteko tresna eta metodo berriak sortzeko. Enplegua lortzeko eta bestelako zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten da proiektuan, arreta pertsonalizatuagoa eskainiz. 100  pertsonengana iritsiko da. Programa aitzindaria da estatuan.  

Pertsona horiek lan merkatuan sarbidea lortzea errazteko helburuz lantaldea osatu dute Nafar Lansarek (Altsasuko enplegu bulegoak), Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Sakanako Enpresarien Elkarteak, Sakanako Garapen Agentziak eta Cederna-Garalurrek. Lantaldeak bere burua Arbizun egindako aurkeztu zuen atzo. Ekitaldiak ere, ERSISI proiektua eta bermatutako errenta kobratzen duten pertsonen kontrataziorako diru-laguntza berrien inguruko argibideak emateko balio izan zuen (1.000 euro arteko diru-laguntzak, kontratazio motaren arabera).

Hiru ikerketa
Nafarroako Gobernuak eskatutako hiru ikerketa aurkeztu ziren atzo. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP)  ERSISI proiektuaren inguruko enplegu aukerak ikerketa egin du eta Arbizun atzo aurkeztu zen. Txostenean jaso denez, Sakanan kontratazioak hobera egin du, Sakana mendebaldean langabezia % 47 jaitsi da. Baina, neurri batean, lan merkatura sartzea lortu ez dutenak emakumezkoak, 45 urte edo gehiago duten pertsonak eta prestakuntza eskasa duten pertsonak dira; ERSISI proiektuaren helmugak. Joan den urtean Altsasuko Enplegu bulegoan kontratazioa % 37 igo bazen ere (92), hobekuntzak langabe sektore guztiei ez diela eragin nabarmendu du NUPen ikerketak.  Nafarroan 2017an kontratuen %46-7 emakumezkoen sinadura bazuten, Altsasuko enplegu bulegoan % 43koa zen.

Prestakuntzaren aparteko garrantzia nabarmentzen du ikerketak. Ikerketak aurreko joera baieztatzen du, hau da, trebakuntza txikia duten pertsonen kontratazioak behera egiten du eta gora trebakuntza handiagoa dutenena. Sakanan kontratazioen % 49,5 prestatutako pertsonena da (bigarren hezkuntzatik gorakoa).

Pertsona horiek lan munduan sartzeko, ikerketan hurrengo proposamenak egiten dira: arlo pribatuak, publikoa eta gizarte ekimenak enplegua sortzea; arlo pribatuan industria garbiketa, enpresa txikien bidez, edo sartze-enpresak edo baso-garbiketakoak, turismoari bultzada emanen diotenak; industria, nekazaritza-elikagaiak, turismoa eta merkataritza arloetan prestakuntza indartzea; familia-bizitza eta lana bateratzeko bitarteko sortzea eta zabaltzea eta, azkenik, jendea lantokietara edo prestakuntza guneetara gerturatuko duen garraio zerbitzuak martxan jartzea.  

Enplegurako ibilbideak
InPactos aholkularitzak egindako beste txosten batean agerian gelditu da Sakanan arlo teknikoa duten industria profilak direla lanerako eskaintzen direnak. Zenbait enpresa halako langileak ibarretik kanpo bilatzen hasi direla ere gaztigatu du.

Ikerketaren arabera sakandarrek prestakuntza-birziklatzrako jarrera ona dute, nahiz eta lan mundura sartzen ez diren pertsonendako etengabeko indartze positiboa behar den. Emozioen garrantzia presente dago, beraz, enplegurako orientazioa eta laguntza kontuan hartzen da. Langabeek ibarrarekiko atxikimendu handia dute eta Sakanan bertan trebatu eta lan egin nahi dute.  Bestalde, ikerketan parte hartu duten eragileek enplegu bulegoaren jendearekiko gertutasuna eta haren eta beste erakundeen arteko lotura egokia dela esan dute. Eta ondorioztatu dute ERSISI proiektua martxan jartzeak Sakanan sartze soziolaboralaren arloan ari diren eragileen arteko harremana estutu duela. Aldi berean, Nafar Lansarerekin elkarlanean ari diren eta gizarte ardura duten enpresa eta erakundeak ezagutzeko zigilua sortzea proposatu du.

Trebakuntzari dagokionez, bigarren hezkuntzatik industria prestakuntzari bulkada ematea  eta lehen hezkuntzatik industria arloan izanen diren lanpostuen berri emanen duen orientazioa indarrean jartzea proposatzen da. Baliabideen errentagarritasuna ziurtatzeko prestakuntza eskaintza dagoen eskaerara egokitzea proposatu du ikerketak. Aldi berean, landa eremuetako irakasleen diskriminazio positiboa eskatu du.

Ikerketan jasotzen denez, prestakuntza eta enplegu programa mistoak kolektibo ahulenak lan munduan sartzeko formula egokia dira. Enpresariak Profesionaltasun Ziurtagiriak ezagutzen hasi direla jaso dute. Nahiz eta trebakuntza handiagoa dutenek ikastaro berezituagoak eskatu.  Azkenik, kokapenagatik, sartze-soziolaboralerako akzioak Lanbiderekin koordinatzea proposatzen da.