Hasi dira hondakindegiko zati bat ixteko lanak

Guaixe 2018ko mai. 28a, 08:50

Zati bat itxi eta beste bat egokitzeko lanek 5 hilabeteko iraupena eta 1,4 milioi euroko aurrekontua dute

Lur mugimenduak egiteko pala bat lanean hasi berri da Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen hondakindegian. Industriako hondakin bizigabe ez arriskutsuak botatzen diren 32.280 m2-ko hondakindegi zatia itxiko du. Aldi berean, hondakin mota hori hartzeko beste zati bat prestatuko da. 22.000 m2 izanen ditu eta 98.000 m3 hondakin jasotzeko ahalmena. Zati berri horrek 10 urtez hondakinak jasotzeko aukera izanen du. Urtero 9.000 m3 jasotzea aurreikusten da.

Hondakindegi zati hori igarazgaitz bihurtzeko “plastiko” bereziekin batera 50 cm-ko buztin geruza jarriko da. Buztin hori hondakindegitik gertu dagoen Arbizuko partzela batetik aterako dute. Lan horietan, bestalde, Ziordiko Aralur enpresan zenaren inguruan dauden hondakin begetalen 7.000 m3 erabiliko dira. Lixibiatuak jasotzeko, haiek punpatzeko tresna eta eramateko hoditeria jarriko dituzte. Horiekin batera konpostatze prozesuan sortutako errefusa jasotzeko toki berria eginen da.