“Erosketa saskiaren prezioak egunero gora egiten du. Eta hori nabaritu egiten da”. “Lotsagarria da haiek diru ugari eramatea eta, gero, gu goseak! Ezin dugu ezta berogailua piztu! Estufa batekin moldatu beharra dugu. Negu guztia hotzak!” “600 euroko pentsioa dut. Rajoyk hilabetez diru hori kobratzea nahiko nuke. Hilabete bakar bat! Besterik ez. Ea hilabete akaberarako laukorik duen. Niri ez zait iristen!” “Ez dago eskubiderik. Pentsio txikia dugunok xentimoak kontatzen ibili behar izaten dugu. Ez dugu eta hilabete akaberarako ez zaigu pentsioa iristen. Argindarra, telefonoa, berogailua, komunitatea… dena ordainduta, dirua neurriz gastatuta ere, ez zaigu iristen. Ezinezkoa da”. “Igogailua ere kendu beharko dugu”. “Dudan pentsioarekin ez dut nahikorik”.
Kontzentrazio bat despeditu ondoren, amorruz esandako esaldiak dira goikoak. Pentsiodunen artean egoera okerrenean daudenak: emakumezkoak. Sei pertsona, sei egoera, gutxieneko pentsioak berdintzen dituena. “Eta itxoin. Trumpen politika horiekin petrolioaren prezioak gora egin du eta hori laster baino lehen dendako produktuetan sumatuko dugu”, esan digu pentsio duinen aldeko kontzentrazioan zegoen beste pentsiodun batek. Pankartaren atzetik duin bizitzeko moduko pentsioa aldarrikatzen dute. Haiendako. Eta atzetik gatozen guztiendako. Horregatik, kontzentrazioak egiten dituzte. Horregatik, deitu dute bihar eguerdiko manifestazioa. Eta sakandar guztiak nahi gaituzte han bihar.
Eskaerak
Nafarroako Pentsionistak Martxan, Otsailak 22ko pentsiodunen plataforma eta Sasoia, Nafarroako jubilatu eta pentsiodunen elkartea Sakanan pentsio duinen alde elkarlanean ari dira. Aurreneko biak Altsasun ari dira batez ere. Sasoia, berriz, Arakil eta Aranaz aldean. Kalean denbora luzez aldarrikatzen ari direna babes handiagoarekin ozenago esan nahi dute biharko manifestazioan : pentsioen % 0,25eko igoera ez dela nahikoa; pentsioen igoera Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) arabera izatea nahi dutela; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa exijitzeko eta pentsioen sistema publiko propioa aldarrikatzea.
Horrekin batera, manifestazioko hiru erakunde deitzaileek 2011n eta 2013an onartutako pentsioen erreforma bertan behera uztea eskatu dute. “Erreforma horiek Toledoko Ituna deitutakoan adostu ziren, eta bertan parte hartu zuten alderdiek eta sindikatuek egungo egoera larrira ekarri gaituzte: pentsio kaxkarrak jasotzen ditugu; alarguntza pentsioak bereziki kaxkarrak dira eta emakume alargunak zigortzen dituzte batez ere.
Otsailaz geroztik pentsio duinen alde egindako mobilizazioek “pentsioen gaia alderdi politiko eta sindikatu guztien agendan sartzea ekarri dute eta, ondorioz, hainbat mugimendu egin behar izan dituzte, gure itxaropenak eta beharra inondik ere betetzen ez dituztenak”. Esaterako, hiru erakundeek ez dute onartzen PPk eta EAJk lortutako akordioa: “itxurakeria da eta jasangarritasun faktorea 2.023. urtera arte atzeratzea ekarriko du. Faktore horren bidez pentsioak are gehiago murriztuko dira, dagokion taldearen bizi itxaropenaren arabera kalkulatuko baitira”.
Gonbidapenak
Manifestaziora deitu duten erakundeen iritziz, “pentsioen arazoa ez da adineko jendeari soilik eragiten dion arazo bat, pentsioena egungo gizarteak duen arazo nagusienetako bat da”. Horregatik, sakandar guztiak manifestazioan parte hartzera deitu gaituzte. Baina dei berezia egin diete hiru kolektibori.
Feministei, lehenik. “Emakumezkoek, arlo guztietan, bidegabekeria handienak sufritu dituzte! Jendarte patriarkal, neoliberal eta kapitalista honetan, pentsiodunen kolektiboan, atzera ere, bidegabekeria eta desberdintasuna pairatzen dute emakumezkoek”. Langileei eta langabeei ere luzatu diete gonbidapena: “zuen laguntza eskatzen dugu, arazoa denona delako. Egungo langileak etorkizuneko pentsiodunak zarete! Eta bide honetatik… PPren lan erreforma bertan behera utzi beharra dago!” Gazteei eta ikasleei gonbidapena egitean arrazoi berak eman dute, etorkizunean haiek ere pentsiodunak izanen direla. Eta gogorarazi dutenez, “herri honetan lortu diren gizarte arloko aurrerapen guztiak gazteria eta ikasle mugimendua beti buruan eta konprometituta izan da”.
Jubilatuei eta pentsiodunei ere zuzendu zaizkie: “kontuan izan dezagun botere handia dugula, gure botoa. 10 milioi pentsiodun gara, 10 milioi boto. Erabil ditzagun zuzenean eragiten diguna aldatzeko”. Azaldu zutenez, “etsipenez” ikusten dituzte inkesten emaitzak: “PPk behera egiten duela esaten dute, baina boto horiek Ciudadanosen eskura pasatzen direla esaten dute”. Bi alderdi horietakoren bati, PP-ri edo Ciudadanosi emandako botoak “pentsionisten interesen kontrakoak, feminismoaren kontrakoak eta zure seme-alaben interesen kontrakoak” direla gaztigatu dute.
Hiru erakunde deitzaileak
Nafarroako Pentsionistak Martxan
Hego Euskal Herriko plataformen koordinakundea 2013an sortu zen. Joan den urte hasieratik hilabeteko aurreneko ostiralean pentsio duinen aldeko kontzentrazioak egiten ari ziren.
Otsailak 22 plataforma
Pentsioen alde estatuan zegoen mugimendua ikusita, bi pertsonen elkarrizketatik sortu zen kolektiboa. Pentsioen arazoa Altsasun ikustarazi nahi zuten. Izenean agertzen den data horretan sortu zen plataforma. Eta ez zekiten ordurako Pentsionistak Martxan taldea lanean zegoela. Estatuko plataforma batean sartzea aztertzen ari dira.
Sasoia
Nafarroako jubilatuen eta pentsiodunen elkartea duela 14-15 urte ari da kolektibo horien bizi baldintza hobeen alde. Irurtzun eta Etxarri Aranazko azoketan kontzentrazioak egiten ditu hamabostero.
Nafarroan
143.000 pentsiodun inguru daude herrialdean.
Gutxieneko 450 euro inguruko pentsio jasotzen duten pertsonek, emakumezkoak gehienak, Nafarroako Gobernuaren diru-osagarri bat jasotzen dute eta horrekin Lanbide Arteko Soldatarekin parekatzen da pentsioa. 707 euro joan den urtean eta 736 aurten. “Ez dakigu urtero berdinduko duten” esan du Iriartek. 9.000 pertsonekin hasi ziren eta beste 13.000ri gehituko diete.
Autobus zerbitzua
Bihar, 11:00etan, Irurtzundik abiatuko da eta herriz herri pasako da, Ziordiraino.