Arbizu emakume gazteen topaketak hartuko ditu

Guaixe 2018ko mai. 27a, 13:20

Euskal Herri guztitik etorritako gazteak bat eginen dute garagarrilaren 16ko egun osoko topaketan

Euskal Herriko neska* gazteen topaketaren egoitza izanen da Arbizu hiru aste barru. Arbizun tailerrak, mahai inguruak, hitzaldiak, bazkaria, kontzertuak eta beste prest izanen dira. Aipatu bazkarirako txartela lortu nahi dutenek, dagoeneko eskuragarri dute Sakanako hainbat herritan, ohiko tokitan.

Iragarritako topaketen ernamuina Euskal Herriko gazte mugimenduen GaztEraiki autogestio topaketa izan zen, Barañainen 2016ko abenduan. Mila gazte baino gehiagok hainbat gairen inguruan eztabaidatu eta hausnartu zuten. Ildo haietako bat feminismoa izan zen eta 200 neska* gazte baino gehiago elkartu ziren. Handik sortu ziren joan den urtean estreinakoz ospatu zen udaleku feminista, aurten segida izanen duena. Emakumezko gazteek hainbat gairen inguruko hausnarketa egin dute bitartean: militantzia eredua, neska* gazte taldeak, diskurtsoa, mugimendu feministan eta gazte mugimenduetan dugun papera, borrokarako tresnak…

Arbizuko topaketan, goizez, hainbat tailerrak eta hitzaldiak izanen dira. Eguerdian, mahai inguru orokorra izanen dute eta bazkaldu ondoren kontzertuak izanen dira. Topaketak “hausnarketa kolektiboan segitzeko, gure artean saretzeko, elkar ezagutzeko, korapilo zaharrak askatu eta berriak sortzeko” balioko du garagarrilaren 16ko hitzordua.

Harremanetarako:
feministagazteak@gmail.com e-posta. Twitterren: @EH_NeskaGazteak eta Facebooken:
Euskal Herriko Neska Gazteak.