Goi tentsioko linea berria egin nahi dutela gaztigatu dute

Guaixe 2018ko mai. 27a, 16:50

Autopista Elektrikorik Ez plataformak jakinarazi duenez, Red Electrica de España SAk (REE) Castejon, Muru Artederreta eta Itsaso lotuko lituzkeen "autobide elektrikoa" eraiki nahi luke. Plataformako bozeramaile Alberto Friasek jakinarazi zuenez, 400 kW-eko linea litzateke eraikiko litzatekeena, Energia, Turismo eta Agenda Digitalerako Ministerioaren 2015-2020 Energian Plangintzan jasoa dagoena.

REEk ez du jakinarazi oraindik zein ibilbide proposatuko dituen, baina ukitutako eskualdeak joan den urtean bertan behera gelditu zen Deikaztelu eta Itsaso arteko linearen ibilbide berak liratekeela gaztigatu dute plataformatik, Hala balitz, proiektu berriak Sakanaren zati handiena zeharkatuko lukeela.

Plataformatik azaldu zuten REEk parte-hartze prozesua martxan duela eta zenbait herrietan informazio bilerak deituko dituela ibilbide proposamenak aurkezteko eta egokiena aukeratzeko. Friasek salatu zuen linearen beharraz eztabaidatzeko aukerarik ez dela izanen,  "erabaki ahalko den gauza bakarra bidea izanen da. Inposizioa estaltzeko helburua duen tranpa da". Joan den urteko apirilean bertan behera utzi zuten Deikaztelu eta Itsaso arteko linea proiektua.