Ohiko trenaren alde egitera deitu dute

Guaixe 2018ko mai. 24a, 20:16

Gasteiz eta Iruñea lotzen dituen tren erregionala pasatzean kontzentrazioak eginen dira 9 tren geltokietan, bihar, 15:45 eta 16:20 artean

Miranda de Ebro eta Zaragoza Sakanan eta Nafarroan barna lotzen dituen tren zerbitzua da Renferen erregionala, herrietan gelditzen dena. Lurraldea egituratzen duen eta pasatzen den lurraldeari zerbitzua eskaintzen dion tren eredu hori bizirik mantendu nahi dute. Horregatik,
tren sozialaren alde eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako Nafarroako mugimenduak deitu du bihar arratsaldeko mobilizazioa. Trena pasatzen den herrietako geltoki eta geralekuetan kontzentrazioak eginen dituzte.

Eta deialdiarekin bat egin du Sakana Trenaren Alde taldeak. Sakanan bederatzi geltokietan eta geralekuetan jarri dute hitzordua eta sakandarrak haietan parte hartzera deitu dute, “tren soziala eta gure herriendako erabilgarria dena aldarrikatzeko”. Trena pasa baino ordu laurden lehenago norberaren herritik gertuen dagoen geralekura joateko aholkatu dute. Altsasun, esaterako, Foru plazan 15:30ean jarri dute hitzordua. Musikak lagunduta, tren geralekura kalejiran joanen dira eta hara 15:45erako egonen dira.

Ordutegia:  
15:45 Ziordia.
15:50 Olatzagutia.
16:01 Altsasu.
16:05 Bakaiku.
16:07 Etxarri Aranatz.
16:10 Lakuntza.
16:12 Uharte Arakil.
16:15 Hiriberri.
16:20 Izurdiaga.