“Benetan, lotsagarriak diren gutxieneko pentsioak daude”.

Guaixe 2018ko mai. 25a, 12:42
Migel Agel Montesinos, ezkerretik lehena, eta Pello Arregi, eskuinekoa.

Pello Arregi eta Migel Anjel Montesinos. Otsailaren 22ko plataforma.

Pentsioak eskubidea dira?
P. Batere dudarik gabe. Langile guztion eskubidea da. Urtetan kotizatu dugu. Inori ukatu ezin zaion eskubidea da.

Eta zergatik da eskubidea?
P. Orduan jubilatuak zeudenen jubilazioendako ordaintzen genuen. Estatuaren promesa zen gu jubilatzerakoan zegokigun pentsioa izanen genukeela. Duinak, gainera.

Jubilatzerakoan, pertsonendako zer da pentsioa?
M.A. Jendearen bizimodua dira. Pentsiorik ez balego ezin izanen liratekeelako mantendu.

Jende askoren diru sarrera bakarra da, ez?
M.A. Gehiengoarena, % 90arena.

Bestela zer? Ustez bizitzan zehar aurreztutakoa gastatzera?
M.A. Hala da. Baina aurrezteko dirua duen jendea ez da asko.

Gaur egun pentsio duinerako eskubidea ez da betetzen. Zergatik?
P. Ez da behar lukeen bezala betetzen. Horregatik, gaude mobilizazio honekin. Gero eta gehiago estutzen gaituzten legeak ezartzen ari dira. Eta ez soilik guri. Eskubide batzuk baditugu. Baina, nire kasuan, atzetik heldu direnen alde ari naiz borrokan. Pentsatzen ez dutena ere murriztuko diete. Ezartzen ari diren legeekin aurrera segitzen badute, atzetik etortzen direnendako etorkizun beltza.

Baina gaur egun emakumezkoendako ere…
M.A. Emakumezkoena oso garrantzitsua da. Jubilatzerakoan, kasu batzuetan % 70era arteko murrizketa izaten dute. Horri ezin zaio eutsi. Eta alargunen kasua ezta ere. Gutxieneko pentsioena eta beste hainbat. Konponbidea eman behar zaio.

Gaur egungo gutxieneko pentsioa…
P. 1.080 eurora igotzea eskatzen ari gara. Kolpean halako igoera utopia izan daiteke, baina horretara  hurbildu behar du.
M.A. Gaur egun 400 eta 450 euroko gutxieneko pentsioak daude. Baina Nafarroan eta Euskadin pentsioen osagarri bat dugu eta pentsioak Lanbide Arteko Soldatarekin parekatzen dira. Baina, benetan, lotsagarriak diren gutxieneko pentsioak daude.

Eta horrekin bizi daiteke?
M.A. Beharko.
P. Juxtu-juxtu. Jendeaz barre egiten ari dira. Haien esku dauden gaietan, argindarraren eta beste hainbat produkturen zifrak esku artean dituzte, eta haien prezioak igotzeko ez dute inolako beldurrik. Igoera horiek jendea hiltzen ari dira. Elikadura gora egiten ari da. Eta Trumpen mugimendu horiekin petrolioak gora egiten ari da eta egunero erregaien prezioak gora egiten dutela ikusten dugu. Horrek guztiak Kontsumo Prezioen Indizean, poltsikoetan eragina izanen du.

Beraz, jendea berriro beldur izanen da?
M.A. Nik uste beldurra gainditu dugula. Oraingoan neurriz pasa dira. Marra gorriak pasa dituzte. Mugimendu feministak eta eta pentsiodunenak min asko eginen diela uste dut.

Suposatzen da bi urterako akordioa lortu dela.
P. Oraindik ez dira aurrekontuak onartu. Hori ere ez dugu. Erabakitzeko dago. Aurrekontuak onartzen ez badira ez dakit zer eginen duen gobernuak. Ederki estutu beharko dugu!

Konponbidea da?
P. Kontsumo Prezioen Indizearekin (KPI) batera eguneratzea pentsioak. Gutxieneko pentsiodunei eta alargunei KPI igoera baino handiagoa eman. Alargunen pentsioak bikoteak jasotzen zuenaren % 62an egon beharko luke gaur egun, baina % 52an dago oraindik. Aurten % 56ra igotzea pentsatzen ari ziren. Eta 2019an % 60ra. Gobernuak ezarritakoa ez litzateke beteko.

Kaletik Toledoko Itunean eragin daiteke?
M.A. Beste guztia bezala, Toledoko Ituna manipulatuta dago. Konpondu beharreko makina bat gauza dituzte, esaterako: politikoen pentsioak kanpora atera beharko lituzkete. Ez dago eskubiderik politiko batek 4 urte lan egiteagatik pentsio gorena bermatua izatea eta bitartean besteek 40 urte lan egin behar izatea, eta ea zer iristen zaien.

Sakandar guztiak deitzen dituzue larunbateko deialdira.
P. Bai. Haur, gazte, oraindik ikusi ez ditugun pentsiodun asko. Orain urrun daudela iruditu arren gazteei neurri horiek guztiak tokatuko zaizkie. Badirudi ezetz, baina denborak aurrera egiten du. Guztioi murrizketa izugarriak harrapatuko gaituzte. Gaur egun lanean hasten den gaztea jubilatzerakoan, gobernuak egin nahi dituen murrizketak betetzen badira, pentsioa % 30 edo %40 gutxiago izanen da. Eta horri gehitu 67 edo 70 urtera arte lan egitea. Ez dakigu non bukatuko den. Gazteriak mugitu behar duela uste dugu. Eta jubilatzeko bidean daudenak ere. Jende asko falta da. Etor daitezela. Lagun diezagutela. Euren burua lagunduko dute. Guk onura gutxien aterako dugunak gara. Gerrak aurrera segitzen du. Onuradun handienak hemendik bi urtera eta hortik aurrera jubilatuko direnak eta lan prekarioarekin lanean hasiko den gazteria. Kotizazio eskasekin, gainera murrizten badiete… a zer etorkizuna.

Beraz, egoismoagatik atera behar dugu kalera?
M.A. Hala da. Gaurko langilea biharko pentsioduna da. Gaurko ikaslea langile eta pentsiodun izatera iritsiko da. Martxa honetan… Hala ere, gauza asko konpondu behar dira. Langileak ez dira nahikoa diru irabazten ari. PPren lan erreformak ezabatu egin behar dira.
P. Erreforma hori kenduz gero gizarte segurantzak diru gehiago jasoko luke, jendeak gehiago kotizatuko lukeelako. 700 euroko soldatekin zer kotizatu behar du jendeak? Jendeak errealitate horrekin eginen du topo etorkizunean. Lan bat eta 700 euro ematen dizkiote eta, “ba, tira!” Hori ez da konponbidea. Borrokatzea, borrokatzea eta borrokatzea da konponbidea. Itotzen gaituen legedia hori guztia bertan behera uztera behartzea gobernua. Herria gero eta gehiago itoko dutelako bestela.
M.A. Kontzentrazioetara jende gutxi joaten da. Ezarritako zerbaiten kontra joateri beldurra dagoelako. Gainera, adinekoen botoa beti oso kontserbadorea izan da. Kontzentrazioetara joaten garenak ez dugu dagoen errealitatea islatzen. Pentsio baxuenak dituztenak, benetan premia dutenak, gutxiagotan doaz. Lotsagatik edo dena delakoagatik.

Biharkoa etapa bat da. Gero gehiago.
M.A. Hala da. Honek ez du etenik. Gure aldarrikapenekin segitzeko asmoa dugu, justua delako.