Urrats bat marraztuz etorkizunean lelopean Ikasle Abertzaleak-ek eskola ibiltaria eginen du garilaren 25etik 27ra. Irurtzundik aterako dira eta Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz pasa ondoren garilaren 27 arratsaldean Altsasura iritsiko dira. “Hainbat helburu jarriko dizkiogu aurtengo Eskola Ibiltariari”, adierazi du Ikasle Abertzaleak taldeak atzo egindako agerraldian.
Ikasturtean zehar “hamaika borroken poderioz” Euskal Herriko hainbat ikastetxe astindu dituztela adierazi dute ikasleek. Ikasle gelen aldeko aldarriak, errebalidei planto egiteko dinamikak, eta martxoaren 21eko greba izan dira, besteak beste, Ikasle Abertzaleak-ek ikasturtean zehar egin dituen ekimenetako batzuk. Ikasturtea amaituta eta udaren etorrerarekin ez dutela “gelditzeko asmorik” esan dute. Hortaz, Eskola Ibiltaria antolatu du: “ikasleok gure artean harremanak sendotu, ikasi eta disfrutatzeko”.
Ikasturtean zehar landu diren borroka “lokal” eta ildo “desberdinak” elkarbanatzea, komunean jartzea eta “horien inguruan” hausnartzea eta formatzea da Eskola Ibiltariaren xedea, Ikasle Abertzaleak taldeak azaldu duenez. “Uda dela aprobetxatuz, euskarazko aisialdi proposamen aparta mahai gaineratuko dugu; ibilaldi, hitzaldi, tailer eta musika emanaldiz beteta”.
Sakana aukeratu dute aurtengo Eskola Ibiltaria egiteko. Azkenengoa 2014. urtean izan zen eta Ziburutik Donostiara joan ziren. Irurtzundik aterako da Eskola Ibiltaria garilaren 25ean. Uharte Arakilera iristean bazkari herrikoia eginen dute, eta, ondoren, “bigarren arloa” eginen dute: hitzaldiak eta tailerrak. Garilaren 26an Uharte Arakildik Etxarri Aranatzera joanen dira, eta hirugarren etapan Altsasura iritsiko dira garilaren 27an, arratsaldean. “Hitzaldiak eta tailerrak amaitu ostean, aisialdirako eta festarako tartea ere izanen da”.