Trinitate ospakizuna Santa Marina ermitan

Guaixe 2018ko mai. 25a, 11:22

Urte bikoitia denez, Urbasan dagoen Santa Marina ermitako Trinitate festa Bakaikuri dagokio antolatzea. Domekan bakaikuarrek eta iturmendiarrek hartuko dute mendiko bidea, Santa Marinako plazan elkartzeko. Eguerdian izanen da sainduaren omenezko meza. Hura despeditu ondoren, Bakaikuko Udalak auzatea eskainiko du plazan. Eta horrekin batera Edor Zubeldia akordeoilaria  hasiko da giroa alaitzen. Batzuen eta besteen arteko elkarrizketek ez dutenez tripako zuloa estaliko, mahaira bazkaltzera eseriko dira. Ospakizunetarako propio prestatutako menuarekin.

Noizbait herriko bidea ere hartu beharra dago eta 18:00etan hasiko dira beherantz jaisten. Etxerako bueltan bakaikuarrek txistulariaren laguntza izanen dute. Erdi bidean, bargaren erdian, Dantzalarren, geldialdia egin eta dantzaldi motza eginen dute. Hura despedituta beherako bidean segituko dute, herriraino. Plazan dantzarako doinuak Tiri-Terry dj-ak jarriko ditu, 19:30etik aurrera.

Baina bi herrietatik mendira aste honetan igoko diren egun bakarra ez da etzikoa izanen. Herenegun, pazko laugarren eguna zela eta sainduaren irudia igo zuten ermitara, bederatziurrena despeditu ondoren.