Bizikleta festa, igandean Olaztin

Guaixe 2018ko mai. 25a, 13:50

Mankomunitatearen bizikleta festa eta ibilaldi berezia igandean ospatuko da, 9:30etik aurrera, Olaztin. Bizikleta ibilaldia, jolasak, kirol material truketa eta bizikleta konpontzeko tailerra izango dira

Altsasuri, Irurtzuni eta Etxarri Aranatzi lekukoa hartuz, aurten Olaztiko Sarasate plazak hartuko du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak antolatutako bizikleta festa. Horretarako, Olaztiko Udalaren, Barranka Txirrindularitza Taldearen, Berri Bikes eta Muruzabal bizikleta denden eta Sakanako ikastetxeen eta guraso elkarteen laguntza izan du Mank-ek. 

Adin guztietarako antolatu dute bizikleta festa, baina 10 urtetik beherakoek nagusiek lagunduta parte hartu beharko dute. Besteak beste, iganderako 2 orduko bizikleta ibilaldia, auzatea eta kirol materialaren trukea eta herri jolasak eta bizikleta konpontzeko tailerra antolatu dira, azken hau Berri Bikes eta Muruzabal denden esku. 



7 km-ko ibilaldi polita
Olazti eta Ziordia artean
Maiatzeko bizikleta ibilaldi berezian ezingo da parte hartu aurretik izena eman gabe –(Mank-en, 948 464 866)– eta mendiko bizikleta eta kaskoa eman beharko dira, derrigorrez. Martxa aurretik bizikleta doitzea aholkatzen du Mank-ek. Bestalde, partaideek ibilbidea jarraitu beharko dute momentu oro, segurtasunagatik. 
bilbideari dagokionez, 7km-ko buelta polita izango da; ibilbide erraza da, edonork egiteko modukoa. Olaztitik aterata, Ziordira joko dute, han buelta ederra egin eta atzera Olaztira itzultzeko.

Bizikleta festa
Igandean, Olaztin
9:30ean: Bizikleta ibilaldia. 2 orduko bizikleta ibilbide erraza. Bukaeran partaide guztien artean opariak zozketatuko dira.
11:30ean: Auzatea eta kirol materialaren trukea (patinak, raketak, bizikleta, patinetea, pala, baloiak, esku pilota, eskiak…)
12:00etan: Herri jolasak (zapiak, koxkolak, soka saltoa, munduko jolasak…) eta bizikleta konpontzeko tailerra.