Geralekuetatik tren sozialaren alde

Guaixe 2018ko mai. 28a, 15:20

Trenaren aldeko eguna izendatu zuten larunbatekoa. Tren sozialaren alde eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako mezuak zabaldu zituzten Nafarroako trenbide sarean dauden geltoki eta geralekuetan arratsaldeko tren erregionala pasatzen zen garaian. Ziordian, Olatzagutian, Altsasun, Bakaikun, Etxarri Aranatzen (Guardia Civila egon zen), Lakuntzan, Uharte Arakilen eta Izurdiagan egin zituzten kontzentrazioak eta 300 bat pertsona elkartu ziren.

Deitzaileek azaldu zutenez, “trenak makina bat hamarkadatan hainbat eskualdeetako herrien arteko mugikortasun jasangarria izaten lagundu du Nafarroan, baita herrien eta hiriburuen artekoa ere. Horretarako, ibilbideko herriak lotzen zituen sare egonkorra zuen, zeinetan geralekuek eta geltokiek bermatzen zuten trenaren erabilera”. Nafarroa zeharkatzen duen trenbide sarea 37 tren geltoki izatera iritsi zela azaldu zuten eta gaur egun 10 besterik ez dituela. Arrazoia ere eman zuten: “biztanleria hirietan biltzeak (Nafarroako biztanleen ia erdia Iruñerrian bizi baita) eta auto pribatuaren ezarpen masiboak trenaren zerbitzu eta egiturak murriztea eta hondatzea ekarri zuten”.

Protestaren antolatzaileen iritziz, “AHTaren inposizioa hil-hurren dagoen Nafarroako trenaren akabera litzateke, egitura erraldoia ezarri den lekuetan gertatu den bezala”. Eta nabarmendu zutenez, “gero eta zailagoa da ohiko trena, garraiobide eraginkor eta jasangarria dena, erabiltzea. Gure erkidegoko lurraldeak lotzeko, bai barrura begira, bai kanpora, trenak estrategia modernoaren aitzindaria izan behar luke, beste edozein garraiobidek baino energia gutxiago kontsumitzen baitu, eta, horregatik, klima-aldaketaren ondorioak txikitzen laguntzen du”.

Gaztigatu zutenez, “Estatu Espainiarrean bultzatzen den tren bakarra AHT da. Tren elitista horrek hiriburuen artean baino ez ditu garraiatzen bidaiariak. Biztanleria landatarrak ezin erabil dezakeen trena da, eta ez du merkantziak garraiatzeko gaitasunik. Gainera, gobernuak neurrigabeko dirutza inbertitzen ari dira abiadura handiko tren horretan”. AHTko inbertsioak “ohiko trenaren egituren mantentze lanetatik kentzen dira; hau da, herritar guziok erabiltzen ahal dugun garraiobidea eta merkantziak garraiatzeko ahalmena duena kaltetu egiten da”. Euren iritziz murrizketa isla litzateke geraleku eta geltokien itxiera, edota aldiriko eta distantzia ertaineko tren zerbitzuen beherakada.