Irurtzungo txapelak ihesi

Guaixe 2018ko mai. 28a, 10:48

XXVI. Irurtzungo Pilota Txapelketako finaletan seniorretan tanto batengatik irabazi zieten Labakak eta Telletxeak Ongayri eta Gorrotxategiri. 22 urtez azpian Nazabal eta Arbizu txapelik gabe geratu ziren

Ikusgarriak izan ziren larunbatean jokatutako XXVI. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalak, Irurtzungo Trinitate festetarako jaialdi bikaina. Finalista guztiek lehia oso borrokatuak eskaini zituzten, pilota zaleen gozamenerako, baina txapelak, zoritxarrez, ez ziren etxean geratu.

22 urtez azpiko finalean Nazabali eta Arbizuri 17 eta 22 irabazi zieten Canabalek eta Cordonek, partida gogorrean. Segidan senior mailako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Olazabalek eta Jon Gorritik Iriarteren eta Sarasaren kontra. Kasu honetan etxekoak gailendu ziren eta Olazabal eta Jon Gorritik Irurtzungo Txapelketako brontzezko postua lortu zuten. Bukatzeko, seniorren finala jokatu zen. Emozioz betetako partida oso estuan, Alberto Ongay satrustegiarrak eta Gorrotxategik Labaka eta Telletxea izan zituzten aurkari. Edonor gailendu ahal izan zen, horren estua izan baitzen bi bikoteen aldea, baina, azkenean, txapelak ez zuen etxean geratu nahi izan eta tanto bateko aldearekin, 21 eta 22 gailendu ziren Labaka eta Telletxea.

Irurtzungo Pilota Txapelketa martxoaren 31n hasi zen. 22 urtez azpiko mailan 12 bikote lehiatu dira eta seniorren mailan, aldiz, 24 bikote. Txapelketak, atzera ere, argi erakutsi du afizionatuen mailan zergatik duen horrenbesteko onespena, beste batzuetan bezala maila bikaina izan baita.

Irurtzungo Txapelketa. Finalak
22 urtez azpian: Nazabal-Arbizu 17 / Canabal-Cordon 22
Seniorren 3. eta 4. postuak: Olazabal-Gorriti 22 / Iriarte-Sarasa 11
Seniorrak: Ongay-Gorrotxategi 21 / Labaka-Telletxea 22