Pentsio duinen aldarrikapenak ez du etenik

Guaixe 2018ko mai. 28a, 11:42

Larunbatean  700 pertsonak manifestazioa egin zuten Altsasun. Kontzentrazioa eginen da gaur, 19:30ean, Altsasuko udaletxe parean eta heldu den astelehenean, 11:00etan, Etxarri Aranazko azokan.

Manifestazioa pasa ahala jendea batzen den protestaldi horietakoa izan zen larunbatekoa. Kalean barna manifestazioak aurrera egin ahala bidezkoa iruditzen zitzaien aldarrikapenarekin bat egin zuten hainbatek. Pentsio duinen alde, lan bizitza luzeen ondoren irabazitako eskubideak aldarrikatu eta limosnarik ez zutela nahi, horregatik atera ziren manifestatzera.

Nafarroako Pentsionistak Martxan, Otsailak 22ko plataforma eta Sasoia izan ziren deialdia egin zutenak. “Sistema aldatzea” aldarrikatu zuten, “gobernuek aberastasuna modu justuagoan bana dezaten, eta banaketa horretan pertsonak kontuan har ditzaten”. Ziurtatu zutenez, “egungo sistemak gure bizitzako arlo guztietan deuseztatzen gaitu”. Pobrezia arriskuan dauden pertsonak eta pentsiodunak izan zituzten gogoan. “Azken horien % 52k 1.000 euro baino gutxiago jasotzen du eta haietako asko emakume alargunak dira” gaztigatu zuten. Horregatik nabarmendu zuten “benetako kaka egungo pentsioak dira, ez % 0,25eko igoera”.

Aldarrikapenak
Sistema aldatzeko “gure ustez, aberastasuna modu justuagoan banatzeko aukera badago, dirua badago”. Horregatik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta lanbideen arteko gutxieneko soldata 1.200 euro izatea exijitu zuten. Kotizatu ez dutenek pentsioa jasotzeko eskubiderik ez dutela diotenei erantzun zieten ere: “Hori onartuz gero, eskubide hori ukatuko zaie euren bizitza familiari eskaini dieten guztiei, hau da, amei, ahizpei, arrebei, izebei…” Azaldu zutenez, “emakumeak dira egoera tamalgarri hori gehien sufritzen dutenak, eta gizonok beraien alde egin behar dugu”.

Pentsioen kutxa eta eltzetxu bakarra ere hizpide izan zituzten. “Pentsio sistema propioa aldarrikatzen dugulako insolidarioak izatea leporatzen digute”. Eltzetxua eta diru bereiziak konparatzeko eskatu zuten. Eta gero galdetu zuten: “Esan daiteke PSOE, PP, CCOO, UGT, CEOE eta APIME solidarioak izan zirela lan erreforma eta pentsioen erreforma 2011n sinatu zutenean?” Bai erreforma hori bai 2013an PPk onartu zuena bertan behera uzteko eskatu zuten.

Manifestazioaren deitzaileek, atzera ere, nabarmendu zuten pentsioena “ez dela adinekoen arazo bat, gure gizartearen arazo handienetako bat baizik”. Gazteekin harremanetan jarri eta erantzunik jaso ez zutela nabarmendu zuten, “horrek gogogabetu gaitu”. Hala ere, mobilizazioekin segituko dutela ziurtatu zuten.