Olaztiko bizikleta festan, gustura

Guaixe 2018ko mai. 29a, 11:29

Mankomunitateak antolatutako ekimenean bizikleta ibilaldi berezia, auzatea, jolasak eta bizikleta konpontzeko tailerra izan ziren

Aurten Olaztik hartu zuen Sakanako Mankomuniteak antolatutako bizikleta festa. Zehazki esanda, Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak antolatu zuten ekimena, Olaztiko Udalaren, Barranka Txirrindularitza Taldearen, Berri Bikes eta Muruzabal bizikleta denden eta Sakanako ikastetxeen eta guraso elkarteen laguntzarekin.

Goizeko 9:30ean zegoen jarrita hitzordua Olaztiko Sarasate plazan. Bildutako familiek Olazti eta Ziordia bitarteko joan-etorrian 2 km inguruko txirrindularitza ibilbide polita egin zuten, Barranka Txirrindulari Taldearen laguntzarekin. Ondoren, auzate ederra zuten zain, fruta eta Abdulek prestatutako siriar gozo bikainak. Jolasen txanda iritsi zen gero; partxis kolaboratiboan jokatzeko aukera izan zen. Bitartean, Berri Bikes-eko Joakinek eta Muruzabal bizikleta dendako Joxik bizikletako katea eta zulatutako kamera konpontzen ikasi zuten. Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak balorazio polita egin du. “50 pertsona inguru bildu ziren eta oso gustura pasa genuen. Ederki burutu genuen bizikleta martxa eta gainontzeko ekitaldiak ongi joan ziren. Kirol materialaren trukeari dagokionez, truke hau gehiago bulkatzeko ideiak lantzen ari gara hurrengo edizioetarako” aipatu du.