Iker Palacios laugarrena Arnedilloko Igoeran

Guaixe 2018ko mai. 31a, 12:10

Mikel Mendinuetak proba utzi behar izan zuen, autoaren arazoak tarteko

Asteburuan Arnedilloko Igoera jokatu zen, Errioxako Mendi Txapelketarako baliagarria zen proba.4 km ditu igoerak. Larunbatean bi manga jokatu ziren eta igandean 3 manga. Sakana Motorsport taldeko bi pilotu lehiatu ziren: Iker Palacios (BRC 05 Evo) eta Mikel Mendinueta (Peugeot 205 Gti).

Iker Palaciosek lan ederra egin zuen eta sailkapen orokorrean laugarrena sailkatu zen (2:58.145); bere azken tramoan egin zuen igoera azkarrena lakuntzarrak. Gernika Racing taldeko Asier Bidaburu (RF 10 B) irabazletik (2:49.561) 9 segundora sailkatu zen Palacios, eta bigarrena izan zen bere mailan, Rj7 mailan.

Aldiz, Mikel Mendinuetak ez zuen zortea alde izan. Arbizuarrak larunbateko bi mangak egin zituen, baina igandeko lehen mangan arazoak izan zituen, autoa akatsak egiten hasi zen eta proba utzi behar izan zuen. Aipatzekoa da 36 ibilgailuk hartu zutela parte eta horietatik 22 sailkatu zirela eta 14 erretiratu egin behar izan zirela.