Mulierrek ezin izan zuen San Ignazio menpean hartu

Guaixe 2018ko mai. 30a, 16:06

Euskal Herriko Emakumezkoen Kopatik kanpo geratu zen Mulier, final laurdenetan. Igoa, Cerezo eta Vilariño jokalari sakandarrek jokatu zuten

Asteartean emakumezkoen futboleko puntako partida hartu zuen San Donato futbol zelaiak. Euskal Herriko Emakumezkoen Kopako final laurdenetako partida jokatu zuten Mulier taldeak eta Bizkaiko San Ignaziok.

Jakina denez, Mulier taldean lau sakandar dabiltza: Ane Cantero atzelari altsasuarra (1997-12-10), Irati Igoa aurrelari etxarriarra (2001-03-29), Aroa Cerezo atzelari lakuntzarra (2002-02-26) eta Maitane Vilariño erdilari olaztiarra (2002-06-30). Azken hirurek aurten debutatu dute taldearekin.

Partida oso lehiatua izan zen Mulierrek eta San Ignaziok eskaini zutena. Ane Cantero izan ezik, lesionatuta baitago, gainontzeko hiru jokalari sakandarrak jokatzen ikusteko aukera izan zuten Etxarrin bildutakoek. San Ignazioko neskek bi gol sartu zituzten eta Maitane Vilariño olaztiarrak sartutako golari esker Mulier markagailuan gerturatu zen. Mulierrekoak saiatu ziren, baina azkenean 2 eta 1 galdu zuten eta San Ignazio taldea da Euskal Herriko Emakumezkoen Kopako finalerdia jokatuko duena, Errealaren kontra.

Nafarroako Kopako finala, hurrengo erronka
Mulierren hurrengo erronka Nafarroako IMQ Kopa lortzea da. Finala ekainaren 9an jokatuko du Mulierrek, Tafallako San Francisco zelaian, 18:30ean, hain justu bigarren mailara igo den Berriozar taldearen kontra.

Emakumezkoen erregional mailan ligako azken partida jokoan
Emakumezkoen erregional mailan 33. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuk Izarra taldea hartu zuen Dantzalekun eta husnako berdinketarekin despeditu zen partida. Sailkapen orokorrean Berriozar da liderra (97 puntu, denboraldian partidarik galdu gabe) eta Altsasu 13.a da (26 puntu).
Asteburuan Emakumezkoen erregional mailako azken jardunaldia jokatuko da. Mulier B taldearen kontra ariko da Altsasu, igandean, 17:00etan, Mutiloako instalazioetan.