Nafarroako Zerga Ogasunak zordun nagusien zerrenda argitaratu zuen asteartean. Nafarroari 270,7 milioi euro zor dioten 580 pertsona fisiko eta juridikoak dira eta gehienen zorrak BEZaren edo atxikipenen ordainketekin lotura du. Zerrenda horretan 120.000 eurotik gorako zorra pilatu dutenak sartu dituzte.
Ogasunak jakinarazi duenez, Sakanako 10 zordun handietatik lau industria arlokoak dira eta haietatik hiru krisiarekin itxi ziren. Ostalaritza arloko hiru zordun daude. Krisiak gogor eragin dion eraikuntza sektoreko bi enpresa ere ageri dira. Azkenik, merkataritza arloko enpresa bat dago. Nafarroako Zerga Ogasunaren datuen arabera ibarreko 10 zordunen artean 2.993.219,41 euroko zorra pilatzen dute, herrialdekoaren % 1,1.