Urdiaingo eta Altsasuko San Pedro ermita elizarena da

Guaixe 2018ko eka. 1a, 09:05
Bi herriek erromeria egiten dute ermita ondoan.

Teilatua egoera kaxkarrean dago eta ezer egin aurretik jabetza begiratu du Altsasuk.

San Pedro ospakizunerako hilabete baino gutxiago falta dela eta ospakizunean pentsatzen hasiak dira Burunda aldean. Herritar batek Altsasuko Udalari jakinarazi zion ermitako teiladura oso gaizki zegoela eta konpontzeko premia zuela. Altsasuko Udalak ezer egin aurretik ermitaren jabetza norena zen jabetza-erregistroan galdetu zuen eta jakinarazi zioten 2000ko irailetik Iruñeko elizbarrutiarena dela.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek herenegungo bilkuran jakinarazi zuen Urdiaingo alkatearekin harremanetan jarriko dela, egoera elkarrekin aztertzeko, bi herriak baitira ermita erabiltzen dutenak. Litekeena da ermitaren egoeraren inguruko txostena egitea eta horren ondoren zer egin erabakitzea.

Bilkuran alderdi gehienek jabetza duen elizbarrutiak lanak bere gain hartu beharko lituzkeela azaldu zuten. Bestetik, beste ermiten jabetza zeinen esku dagoen berraztertuko du udalak. Historiak dioenez, 1.647an berreraiki zen ermita. Teilatua konpondu zen azken aldia duela hiru hamarkada pasa izan zen.