Korpus eguna etzi

Guaixe 2018ko eka. 1a, 13:39

Korpus eguneko prozesioa Aralarren.

Kristau liturgia-egutegian Trinitateari lekukoa Corpus Christi edo Korpus egunak hartzen dio eta hori igandean ospatuko da eliza guztietan. Elizkizun bereziak egiten dira eta, ohi denez, hala eginen da Aralarko santutegian ere. 12:30ean meza nagusia izanen da eta hura despeditu ondoren prozesioa eginen dute, elizatik Trinitate ermitarainoko joan-etorria hain zuzen ere. Prozesioa Gurutze Nagusiak eta Aralarko aingeruak zabalduko dute. Aralarko Deun Mikel Kofradiako kideek eramandako palioaren azpian apaizak kustodia eramanen du eta hainbat fededunen laguntza izanen du ibilbidean. Hura despeditzean goiaingerua gurtzeko aukera izanen dute fededunek.

Garai batean prozesioko palioa Aralarko artzainek eramaten zuten, ohiko jantziak eta esku larru txuriak soinean zituztela. Igandeko Aralarko prozesioak urtetan jende asko bildu izan du. 1936Ko estatu kolpearen aurretik Iruñean prozesioak egiteko arazoak izan ziren eta Aralarrekoa normaltasunez egiten zenez, jendea santutegira joaten hasi zen, oihartzun handia hartuz.

Sakana guztian
Ibarreko hainbat herritan elizkizun solemneak eta prozesioak izanen dira igandean. Haietako askotan Jaunartzea egin duten haurrak izanen dira protagonista. Lakuntzan jai eguna izaten da eta Arbizun prozesio ederra egiten da etzi. Etxeetako sarrerak eta ateak majo edertzen dituzte  arbizuarrek, eta ibilbidean jartzen diren bi aldareetan geldialdiak egiten ditu prozesioak. Uharte Arakilen ere estandarteak eta beste ateratzen dituzte. Urdiainen jaunartzeak izaten dira.

Goiaingerua Arakil aldean  
Aralarko elizkizunean sainduaren irudia izanen da. Igandean, Trinitatea zela eta, Aralarko aingerua Ihabarren izan zen igande arratsaldean eta gaua Irañetan pasa zuen. Irintarrek goiaingeruaren irudiarekin errogatiba egin zuten Ergako Trinitate ermitan astelehenen goizean. Handik eguerdian Aizkorbera jaitsi zen eta Irurtzunen geldialdia egin ondoren, arratsaldean Irañetako San Gregorio ermitan egin zen mezan presente izan zen. Nafarroan barnako ibilbidearen ondoren igandean santutegira bueltatuko da. Hilaren 22an Uharte Arakilera bueltatuko da, bederatziurrena ospatzeko.