Mankomunitateak 25 urte egin ditu hondakinak biltzen

Guaixe 2018ko eka. 1a, 12:52

Mank-en kamioi bat hondakinak jasotzen.

Gaurko egunez, 1993an, Sakanako Mankomunitatea hiri hondakinak herriz herri biltzen hasi zen. Horretarako Durangoko Garbile enpresa kontratatu zuen. Bilketa lanean sei pertsona hasi ziren, 2 gidari eta 4 peoi. 07:00etan hasi ziren bilketa egiten. Kamioi bat Irurtzun eta Arbizu artean ibiltzen zen eta bestea gainontzekoa. Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Iturmendin ez zen Mank-en bilketarik egin, udalek zerbitzuan ez sartzea erabaki zutelako. Mila biztanle baino gehiago eta do kopuru horretatik gertu zeuden herrietan bilketa egunero egiten hasi ziren. Gainontzekoetan, beharren arabera jaso zuten.

Hasiera hartan, eta behin behineko konponbide gisa jasotako Altsasuko hondakindegian bota zen. Baina ordurako aurreikusia zegoen Arbizun hondakindegia eginen zela. Kaleetan oraindik edukiontzi berdea eta beira jasotzekoa besterik ez zeuden. Baina Hondakin Bilketa Zerbitzuko arduradun Santos Carvallok gaztigatu zuen papera eta kartoia jasotzeko edukiontzi urdina jasotzeko asmoa bazutela.