Burujabe hobe, lanerako prest bazaude

Gorka Ovejero Ganboa (AHT Gelditu! Elkarlana) 2018ko eka. 1a, 08:15

irurtzun greziara karabana bilaketarekin bat datozen irudiak

Burujabe hobe, hobeki aske, dudarik gabe. Nork ez du askatasuna amets, libre izatea helburu. Baina ameskeria hauen gainetik, nor bere buruaren jabe izatea, nor bere bizitzaren jabe eta arduradun egitea, lan eta neke asko ekartzen du eta guztiak ez gaude horretarako prest. Jendeak askotan, gehiegitan, beste pertsona eta erakundetan delegatzen ditu ardurak: gurasoak, bikotea, eskola, udala, medikua, gobernua, eliza... Errazagoa baita beste batzuek erabakiak hartzea eta ados ez gaudenean erabaki horiek tabernetan edota sare sozialetan kritikatzea.
Onartuko dugu baina, gaur egungo sistemak jarrera hauek sustatu eta bideratzen dituela eta hauei aurre egitea egundoko lana eta esfortzua eskatzen duela.

Ama lurraren defentsan gabiltzanok ongi aski dakigu arestian botatako hauen guztien egi gordina. Edozein azpiegitura txikitzaile eta kutsakor egiteko legedi malguak dauzkagu –AHT, errauskailuak, Fracking, autopista elektrikoak…–, politikariak eraikuntza enpresa eta multinazionalen morroi otzanak dira beren urrezko jubilazioa ate birakarietan pausatuz eta jendartea, oro har, axolagabekeria harrigarri batekin bizi ditu bere inguruko gorabehera guzti hauek.
Batzuek, ordea, erabakia hartua dugu, Sakanan osasunez eta duintasunez bizi eta lan egin nahi dugu, burujabe, honek suposatuko digun lana eta denborari beldurrik hartu gabe.