Botiken kontsumoari buruz iritsi zaigun azken ikerketak dio Estatu Batuetan opiazioen kontsumoa gehiegizkoa den bezala, Europan benzodiazepina dela gehien kontsumitzen den botika.
Benzodiazepinak psikofarmakoen familiakoak dira; horrek esan nahi du jarduera mentalean egiten dutela lan eta zuzenean nerbioen sistema nagusian, antsietatea apalarazten eta zenbait inpultso murrizten.
Bere eraginak lasaigarriak eta hipnotikoak dira batez ere. Mundu mailan gehien kontsumitzen den botika dira benzodiazepinak, batez ere lehen munduan, antibiotikoen, analgesikoen eta baita antiflamatorioen aurretik. Estatu espainiarra Europako batez bestekoaren gainetik dago halako kontsumoetan.
Gaur egun ez da bakarrik helduen artean kontsumitzen baizik eta gazteen artean ere ikusten da. Azterketetarako tentsioak kentzeko kontsumitzen dira halako botikak; ziur aski erantzun honek badu zer ikusirik helduok egiten dugunarekin, azken finean ereduak gara.Adituek dioten bezala, halako botikak ez lirateke bi hilabetez baino gehiago hartu beharko, baina jendeak urteak pasatzen ditu hartzen, batzuetan medikuen aholkupean eta beste batzuetan interneten bidez lor daitezkeelako.
Non dago koska historia honetan? Gure ustez bi gauza daude. Alde batetik helduek Benzodiazepina gehienetan erabiltzen dute estres prozesuan, depresioetan, dueluetan, lasaitzeko eta deskonektatzeko edo arazoak ahazteko edo egoera larri batean dagoenean… kontua da denbora luzerako adizioak sortzen direla eta denbora asko eramaten baduzu halako botika hartzen, ez dela erraza uztea.
Batzuetan medikuek arazo hauei aurre egiteko ez dute ezer gehiago eskaintzeko, eta azkenean tratamenduak luzatzen dira, honek dakarren ondorioekin.
Beste alde batetik egungo gizartean mina jasatea ez da lehengo gizartean bezala indartsu izatearen seinalea;, orain dena pastilla batekin konpondu daitekeenaren sinesmena dago, eta gainera frustrazioaren aurreko tolerantzia oso txikia da. Honi gehitu behar zaio farmazia industria itzelaren eragina. Hoberena litzateke pertsonarekin lan egitea, bera arazoei aurre egiteko trebe izateko, eta ez pastilla baten menpe egoteko, beti.
Ikerketan emozioen patologizazioari buruz ere hitz egiten da. Normala da antsietate puntu bat izatea zenbait egoeren aurrean, azterketa batekin adibidez. Lana dago emozio hauek kudeatzen jakitean. Maite dugun norbait hiltzen bada ezin dugu tristura ukatu pastillak hartuz. Dueluak pasatu egin behar dira, ez ekidin, hori ez baita konponbidea.