Sakanatik Urbasa gainean Maiatz enborrak ikusten ditugun bezalaxe ikus dezakegu, txiki eta urrun baina esanahi handiko, 68ko maiatz hura.
Parisko unibertsitateetan abiaburua eduki zuen maiatz historiko hark nonbait ez zuen botere politikoa lortzea xede. Ez zuen lortu, bistan da, eta are gehiago, De Gaulle kontserbadorea indartu zen agintean, hilurren bazegoen ere. Baina gazte batzuek eragin zuten astinaldi sutsuak arrasto sakona utzi du gaur egun arte ere.
Ezinegona nabarmentzen zen mundu osoan barrena: Kalifornia, Alemania, Praga, Mexiko DF… AEBetan Malcolm X, Luher King, Angela Davis edota Classius Clay gogor zebiltzan eskubide zibilen alde. Che Guevararen jarduna bizi-bizi, Vietnamgo guduaren aurkako mugimendua indartsu eta eraginkor zetorren.
Eta halatan Parisko Maiatza etorri zen, filosofo eta pentsalari kritikoak zirikatzaile eta gazteak gidari eta arizale, harlauzak hegan eta karrikak gori-gori. Izatez eta berez, kronologikoki labur-laburra suertatu zen iraultza hura, hilabete gutxitan Parisko kaleak bake osoan zeuden, eta Frantziako langileen egoera hobetu zen itun batzuen bidez. Matxinada gori hark ekarri zuenak, ordea, hamarkadetan arrasto sakona utzi du. Gazteen haserrea ( “Gazte gara gazte eta gaude konforme” gurean) eta protagonismoa gizartearen lehen lerrora etorri zen, eta zenbait goi asmok leku nabarmena hartu zuten geroztik, hala nola, antimilitarismoa, askapen sexuala, ekologismoa, feminismoa edo internazionalismoa. Euskal Herrian urte batzuk geroago irrati libreak, gazte asanbladak, fanzineak, intsumisioa eta gaztetxeak mamitu ziren 68koaren uzta berantiar gisara.
Urbasa gaineko Meyetzak bezala, urrun eta txiki… Guri beti begira, ordea. Zaindari eta eragile ote?