Iruñeko Hiria Maratoian sakandarrak bikain

Guaixe 2018ko eka. 6a, 09:15

21 km-ko proban Anne Lapuente seigarrena sailkatu zen eta 10 km-ko probako kimuen mailan Iratxe Lapuente txapelduna izan zen eta Iker Gomez hirugarrena

Igandean Iruñeko Hiria Abiadura Irristaketa Maratoia jokatu zen, Gotorlekua inguratzen zuen zirkuitu ederrean. Hiru distantziatan jokatu zen proba: 42 km, maratoia (109 irristalari gizonezkoetan eta 36 emakumezkoetan); 21 km, maratoi erdia (36 gizonezkoetan eta 49 emakumezkoetan); eta 10 km (19 gizonezkoetan eta 39 emakumezkoetan). Makina bat sakandar lehiatu ziren bertan, Patin Sakana taldekoak batzuk eta beste taldetan aritzen diren sakandarrak besteak.

Gure irristalariek egindako emaitzak aintzat hartuta, Sergio Marques Paniagua altsasuarra (Berriro Ere) 42 kilometroko sailkapen orokorrean 64.a sailkatu zen eta Master 30 kategorian 10.a izan zen; Kevin Marques Paniagua altsasuarra (San Juan) 42 km-ko sailkapen orokorrean 47.a izan zen eta senior mailan 20.a; Unai Baztan Abanses altsasuarra (Amaya), 42 km-ko sailkapen orokorrean 68.a eta 12.a junior eta senior kategorian; David Gonzalo etxarri uhartearra (independientea) 42 km-ko sailkapen orokorrean 42.a eta Master 30 kategorian seigarrena; eta Anne Lapuente Perez (Lagunak) ziordiarra 21 km-ko proban seigarrena sailkatu zen.

Patin Sakana taldeko kideei dagokienez, Iratxe Lapuente Perez ziordiarra 10 km-ko sailkapen orokorrean 39 irristalarietatik 20.a sailkatu zen eta podiumera igo zen, kimuen mailako lehena izan baitzen; Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra 10 km-ko sailkapen orokorrean 19 irristalarietatik 12.a izan zen, kimuen mailan hirugarrena eta domina lortu zuena; Oier Ormazabal Ijurra etxarriarra 10 km-koan 19 irristalarietatik 11.a sailkatu zen, haurren mailan bederatzigarrena, eta Oscar Zamarron Carravilla altsasuarra 42 km-ko maratoian 45.a iritsi zen helmugara, Master 40 mailan bederatzigarrena.