Yoseikan budo erakustaldia 2018

Guaixe 2018ko eka. 6a, 11:21

Ikasturtean ikasitakoa Burunda pilotalekuan erakutsi zuten yoseikan budokoek

Sakanako Txuixoo Yoseikan Budo taldeak eta Ametsa taldeak yoseikan budo ikasturte bukaerako festa egin zuten aurreko ostiralean Altsasuko Burunda pilotalekuan. Sakanan Altsasun eta Etxarri Aranatzen ematen dira yoseikan budo eskolak. Aritz Agirrebengoa da irakaslea.  3-6, 6-9 eta 9-12 urte arteko klaseak ematen dituzte, eta, horretaz gain, helduendako klaseak daude. Aipatu adin tarte guztiek erakustaldia egin zuten Burundan, ikasturtean ikasitako abileziak erakusteko.
Aurten udako yoseikanpaldia Sakanan antolatu dute. Uztailaren 13tik 15era bitartean izango da, Ziordian.

Yoseikan budoaz
Yoseikan budoa Japoniatik datorren arte martziala da. Wikipedian jasotzen denez, 1960ko hamarkadaren bukaera-aldean garatutako borroka-artea da, 1975ean Hiroo Mochizuki japoniarrak ofizialki fundatua. Samurayen tradizioan txertatzen da Mochizukiren lana, haien ondorengo zuzena baita. Txuixoo elkarteak yoseikan budoaren onurak asko direla dio. Besteak beste, gorputz mugimenduaren kontrola, nortasun pertsonalaren garatzea eta, garrantzitsuena, alaitasuna. Bestalde, yoseikan budoaren zeharkakotasunak bere borrokalariei beste hainbat modalitatetan aritzeko trebetasuna ematen die, kick boxingean, Combat Jujitsuan eta beste hainbatetan.