Tritoienan izena ematea zabalik dago

Guaixe 2018ko eka. 7a, 11:50

Ekainaren 16an jokatuko da, Arbizuko kanpinean, eta oinezkoendako ibilbidea eta mendi lasterketa antolatu dituzte. Izena www.kirolprobak.com-en eman daiteke

Arbizuko kanpinak eta Dantzaleku Sakana atletismo klubak, Ergoienako Udalaren laguntzarekin eta hainbat babeslerekin II. Tritoiena mendi lasterketa antolatu du ekainaren 16rako. Ez da soilik mendi lasterketa izango. “19,5 kilometro eta 1.050 metroko desnibel positiboko ibilbidea izango da, eta bi modutan egin ahal izango da: oinez, mendi ibilbide moduan, hala korrika, mendi lasterketa moduan. Oinezko martxa goizeko 8:00tan aterako da Arbizuko kanpinetik eta mendi korrikalariek, aldiz, 9:30ean. Ibilbidea berdina izanen da: Kanpinetik Ondatzera iritsi, handik Unanura jaitsi, herrira, Unanutik Beriain igo, Uharteko portutik jaitsi eta Ondatzetik atzera ere Arbizuko kanpinera iristea. Ibilbidea ederra da, elegantea, airean joateko moduan” esan digute Arbizuko kanpineko arduradunak.

Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web gunean, baina probaren egunean bertan Arbizuko kanpinean ere inskripzioa egiteko aukera izango da. Guztira 100 pertsona inguru espero dira. Ibilbidearen tracka wikiloc web gunean kontsultatu daiteke.

Sariei dagokienez, mendi korrikalari guztiek produktu sorta lortuko dute eta txapeldunek txapela eta Unanuko ihoteetako kattola jasoko dute opari. Eta bukaeran martxistek, korrikalariek eta boluntarioek auzate ederra izanen dute zain.