Su barrikadekin errepidea moztu zuten

Guaixe 2018ko eka. 7a, 11:09

Su barrikada Etxarri Aranatzen. Argazkia: Foruzaingoa.

Ordu bateko aldearekin su barrikada bana izan ziren Etxarri Aranatzen eta Iturmendin, herriak zeharkatzen dituen bigarren mailako errepidean. Lehenengo herrian, asteartean 23:20 aldera, hondakinen edukiontzi batzuei su eman zieten. Bigarrenean asteazkeneko 00:20 aldera izan zen. Batera eta bestera Foruzaingoaren patruilak eta suhiltzaileak joan ziren. Bi herrietan eta Urdiainen ostiral gauean modu berean errepidea moztu zuten.

PPren Nafarroa Iparraldeko arduradun eta Etxarri Aranatzen zinegotzi den Juan Antonio Extremera Apezetxeak gertakariak Altsasuko auziko epaiaren ondorengo atxiloketekin lotu ditu. Adierazi duenez, “zibilizatutako eta baketsua den gizarte bati ez dagozkion gertakariak dira. Onartezina da euren ideiak azaltzeko indarkeria erabiltzen duen jendea egotea, kalte handiak sortuz, ordena publikoa nahastuz eta, azken batean, auzotarren segurtasuna arriskuan jarriz. Pertsona erradikalen eta totalitarioen ekintzak dira eta gure sistema demokratikoan ez dute tokirik”. PPkoak epaiari errespetua azaldu eta Guardia Civilak eskualdean egiten duen lanaren aitortza egin du.