Sakandarrak Giza katearen 193. kilometroan egonen dira

Guaixe 2018ko eka. 8a, 14:28

Nafarroako Gure Esku Dagok herrialdeko armarriaren mosaikoa Iruñean osatu zuenekoa.

Igandean eginen du Gure Esku Dagok giza katea. Altsasu Gurasoak taldea 193. kilometroan izanen da.

Giza kate batek Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriburuak batuko ditu igandean, garagarrilaren 10ean, Gure Esku Dago ekimenak antolatuta. Giza katean sakandarrak 193. kilometroan kokatuko dira, Zigoitian. "Erabaki judizialak Nafarroan, Euskal Herrian, har ditzaten" aldarrikatzeko Altsasu Gurasoak taldea Giza katean izanen da.

Gure Esku Dago ekimenak adierazi duenez, Bilbo, Donostia eta Gasteiz batzen dituen 202 kilometroak etenik gabe osatzeko gutxienez 100.000 pertsona beharko dira. Gainera, 3.000 boluntario ariko dira antolakuntzan. Sakandarrak Zigoitian batuko dira Giza katean. 193. kilometroan izanen dira, Gasteiztik gertu, Gorbeia merkataritza gunearen ondoan. Gainera, "elkartasun kilometroa" izanen da 193.a, izan ere, Gure Esku Dagok "Altsasuko auzipetuei" eskaini die kilometroa "gazteei babesa adierazteko". Hortaz, Altsasu Gurasoak taldea bertan izanen da "erabaki judizialak Nafarroan, Euskal Herrian, har ditzaten" aldarrikatzeko.

Oharrak
Giza katean parte hartuko duen jendea egokitutako kilometrora denborarekin iristeko abisua eman du Gure Esku Dagok. Autobusez joateko gomendioa luzatu du ere antolakuntzak. 10:00etan hasiko dira katea osatzen. 11:30erako dena prest egon beharko da, eta 12:00etatik 12:30era giza katea izanen da eta mezu nagusia helaraziko dute. Ondoren, "jai giroa" izanen da hiriburuetan.

Giza katearen zuzeneko irudiak zabalduko ditu Gure Esku Dagok ekimenaren Youtubeko kanalaren bidez.