Mankomunitatea Berdintasun Zerbitzua sortzeko pausoak ematen hasi da

Guaixe 2018ko eka. 8a, 08:54
Jendetza Altsasuko kale batean.

Sakanako Mankomunitatearen zerbitzu berria izanen da emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren alde lan eginen duena. Lastaila bitartean diagnosia egiten ariko dira, eta horretan laguntzeko, inkesta erantzuteko gonbidapena egin du.

Sakanako Mankomunitatearen aurtengo aurrekontuan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun zerbitzua sortzeko 10.000 euroko diru partida bat dago. Altsasuk dagoeneko badu. Mank-eko buru David Oroz Alonsok azaldu digunez, dagoeneko hasi dira Berdintasun Zerbitzua izanen dena sortzeko pausoak ematen. Eta gaineratu du: "orain hasi eta lastaila bitartean berdintasun arloaren inguruan Sakanako diagnostikoa egiten ariko garela".

Lan horrek hainbat zati izanen dituela jakinarazi digu. Horietako bat herrietan eta udaletan eginen duten datu bilketa dela jakinarazi digu Orozek. Hala, udalen osaketa zein den, eta ardurak nola banatzen diren jaso nahi dute. Horrekin batera, udaletako eta mankomunitateetako langileriaren argazkia jaso nahi dute. Baita herrietako eragileak zeintzuk diren, azken urteetan herrietan berdintasunaren inguruan egin diren ekintzak…

Parte-hartzea
Orozek azaldu digunez, Berdintasun Zerbitzua sortzerakoan parte-hartze prozesua ere sustatuko dute. Alde batetik, sakandarren artean inkesta bat zabaltzeko asmoa dute aurki. Inkesta horien kopiak toki publikoetan utziko dituzte. Baina www.sakana-mank.eus eta udaletako web orrietan eskuragarri izanen da. "Hilaren 20ra arte egonen da eskuragarri eta ahalik eta sakandar gehienek erantzutea gustatuko litzaiguke".

Baina, parte-hartze prozesua ez da horretara mugatuko. Sakandar jakin batzuekin elkarrizketa sakonak izan nahi dituzte. Eta gaiaren inguruko tailerrak antolatzea ere buruan dute.

Inkesta
Prestatutako galdeketaren helburua da "Sakanako populazioak genero berdintasunarekiko eta horrekin lotutako beste alderdiekin zer ikusia duten beharrak identifikatzea". Izan ere, inkestak "etorkizunerako Berdintasun Zerbitzuaren planifikazio eta diseinurako balizko informazioa emanen digu". Horregatik, galdeketa betetzeko gonbidapena egin dute Mank-etik.

Inkesta anonimoa da, baina adina, herria, sexu orientazioa, egoera zibila, ikasketa maila, enplegu mota eta antzeko galderak eginez hasten da. Eta mamian sartzen denean norberaren etxean zenbat pertsona bizi diren galdetzen du eta haren osaketa zein den argitzeko eskatzen du 16 urtetik beherakoak bizi ote diren zehazteko eskatuz. Garbiketa kontuez, jatekoak prestatzeaz eta mendekotasun pertsonen zainketaz zein arduratzen den galdetzen du segituan. Gainera, etxeko eta zaintza lanetan astean zenbat ordu betetzen diren zehazteko eskatzen du galdetegiak. Inkestaren bitartez normalean etxeko mantentze lanak eta konponketak zeinek egiten dituen jakin nahi dute. Baita etxeko administrazioaren eta antolaketaren ardura zeinek duen ere.

Aisialdia zeri eskaintzen diogun ere jakin nahi du inkestak eta zerrenda luzea proposatzen du aukeran. Aldi berean, kultura, kirol, hezkuntza, emakumezko, erlijio edo bestelako herri-eragile edo kolektiboren batean parte-hartzen dugun jakin nahi dute. Berdintasun Zerbitzuaren etorkizuneko bost lan ildo zehazten dira eta lehentasunak zehazteko eskatzen da (toki erakundeetan genero zeharkakotasuna, emakumezkoen kontrako indarkeria, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea, emakumezkoen ahalduntzea eta sexu aniztasuna) eta proposamenetarako aukera ere bada inkestan.