Parapenteak Sakanako zeruan

Guaixe 2018ko eka. 8a, 13:23

Sakana Parapente Eguna antolatu du Baiza Parapente Taldeak bihar, ekainaren 9an, Iturmendin. Goizeko 9:00etatik ordu txikiak bitartean, parapentean ibiltzeko aukera izango da afaria eta kontzertuak prestatu dituzte

Euren zaletasunaz gozatzeko asmoa dute Baiza Parapente Taldekoek bihar: hegan egitea. Izan ere, Sakana Parapente Eguna antolatu dute larunbatean, Maiatzak 40, ekainaren 9an, Iturmendin. Hegan egiteaz gain, egun osoko festa prestatu dute eta mokadutxoa hartzeko aukera, afaria eta kontzertuak iragarri dituzte. Horretarako hainbat babesleren laguntza izan du Baiza Parapente Taldeak eta oso eskertuta dago.

150 partaide inguru
Goizeko 9:00etan zabalduko da Sakana Parapente Eguneko inskripzioak egiteko epea. Aurretik ere izena emateko aukera egon da interneten, baina asteazkenean itxi zen aukera hau. Dagoeneko dauden izena emateak kontuan hartuta, Baiza Parapente Taldeak 150 partaide inguru espero ditu, baina eguraldiak baldintzatuko du hori. Eguraldi nahasia iragartzen dute, eta ikusteko dago zer gertatuko den; egunean bertan hartuko da erabakia. Goizetik arratsaldera arte hegan egitea, hori da Iturmendin bilduko direnen asmo nagusia, eta horretarako eguraldia eta haizea lagun izatea, ez dute besterik eskatzen. Baizatik diotenez, Sakana Parapente Eguna Euskal Herriko parapente topaketa hoberenen artean dago, urtetik urtera pilotu eta zale gehiago erakartzen baititu. Parapentearen munduan mugitzen den lagunen topaketa bikaina da Sakanakoa. 

ehen hegaldi saiotik hasita, zer jan eta edan egongo da Iturmendin, ilunabarrera bitartean. Bestalde, Santa Marinara edo Aralarrera, aireratze guneetara igoera gidatuak izanen dira, eta aireratze guneetara garraio etengabea. Hegan egitearen sentsazioa probatu nahi dutenendako biplaza hegaldiak eskainiko dira prezio merkean, "inor hegan egin gabe geratu ez dadin". Horretaz gain, parte-hartzaileen artean opari bikainak zozketatuko dira eta guztiek kamiseta jasoko dute oroigarri.