Brief encounter

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2018ko eka. 8a, 08:22

kolaboratzaileak

David Lean-en filmeko eszena batera itzuli naiz gaur. Gizon interesgarria eta gorputz txikiko emakume herabea hizketan ari dira oraindik, tren geltokiko kafetegian. Kanpoan kea dago, eta trenen joan etorriek estutzen dute denbora.

Geltoki honetan bi tren igarotzen dira soilik: inoiz geldituko ez dena eta ezezagun hurbil hauek urrunduko dituena. Horregatik daude biak hemen, trenen artean hizketan, hitz meheekin begiraden zama arintzen. Edozein aitzakia onartuko lukete elkarrekin geltokian bizitzeko, etxera itzuli gabe.

Gizonak bere lanbidea aipatu eta argitu egin da. Emakumea ez zegoen bere pasioa jasotzeko prest eta oharkabean kutsatu zaio sentimena. Begi nekatuak ireki ditu ameslari, eta taupaden artean, gizonaren hitz teknikoak barneko egin zaizkio. Gizonak jada ez daki zer maite duen: bere lana… emakume bat... Azaletik barnera labaintzen ari direlaren susmoak beldurtzen ditu, eta ez dute ihes egin nahi. Horregatik daude oraindik bertan, ondoko begietan eroriak,  baina beste nonbait ere, dardarka.

Kafetegi hotzak aurpegi epeletan kondentsatu du ingurua, eta haien imintzioetan nago ni ere, gertuegi. Eta gogora datozte orain beste keinuak, eta nola estutzen genituen eskuak, irmoki. Agur esateko elkartu ginen guztietan eternitate puska bat sumatzen genuen bestearen behatzetan, eta ezin genuen alde egin. Horregatik itzultzen naiz ametsetan gauero taberna sakon honetara, kaleko argia leihotik sartu eta atmosfera arraroak sortzen dituen orduan.

Eta ez pentsa Colorado ibaiertzeko gune lasaiera bueltatzen ez naizenik. Neguko gogoetek eramaten naute bertara, eta beroa egiten du beti. Abenduko sargorian, biak jantziegi gaude. Eta horregatik irekitzen ditugu leihoak gero eta maindireen azpian ezkutatzen naiz ni, kanpora begira erretzen duzula. Noizean behin begiratzen nauzu, eta ez dut mugitu nahi. Udaran eramango zaitut elur azpiko baso ezagunetara, edo ilargia gorri jaiotzen den ordu galdura. Eta haztamuzka (odoletan) ikasiko dugu berriz nola piztu eta itzaltzen diren sentimendu basatiak.