Jakina da hondakinak errausten dituzten zementu-fabrikak, ingurumenerako eta osasunerako kaltegarriak eta toxikoak diren kutsatzaile igorle handienetakoak direla. Eta ezagunak dira instalazio hauetan burutzen den errausketak gizakion osasunean dituen ondorioak. Gai honen inguruan argitaratzen ari diren ikerketak oso gogorrak dira, eta argi uzten dute, jarduera hau burutzen den tokien inguruan bizi direnek, minbizia jasateko arrisku handiagoa dutela.
Jarduera honek dakarren arriskua, gizakion organismoan, hondakinen errausketan isurtzen diren milaka substantzia toxikoren bioakumulazio edo metaketatik dator. Horietatik %10 eta %20 artean dira ezagunak eta arnasten dugun airera pasatzeaz gain, porlandegi-errauskailu inguruan ere barreiatzen dira, belardi, baratze, labore, ur eta abarretan.
Horrela, arazo honek, beste ekonomia eta garapen eredu batzuetan errausketak sortzen dituen kalteak aztertzera garamatza. Bierzoko Ardoen Kontseilu Arautzaileak adierazi berri du gai honen inguruko bere iritzia: “Cosmos zementu-fabrikan errausketa burutzearen erabat kontrakoa, horrek arriskuan jarriko lukeelako eskualdeko ekonomia eta bertako biztanleen osasuna”. Ildo beretik jo dute ere bai, DOP (Bierzoko Errege-sagarra) eta ABA (Bierzoko Nekazarien Elkartea) erakundeek.
Kontseiluak kolokan jartzen du beste ekonomia batzuen, eta azken finean planeta beraren, suntsipenera garamatzan “aurrerapen” boteretsuaren ideia.
Honekin batera, kontuan hartzekoa da, orain arte isilean egon diren beste kontaminazio-foku batzuek ere, lehen aldiz nazioarteko erakundeen arreta jaso dutela. Itsasoko eta aireko garraioak sortzen duen kutsadura hazten ari da etengabe. Aireko garraioak lau urtean %25 handitu du berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketa eta itsasontziena, berriz, CO2 isurketa gehien handitu duen bigarren sektorea da.
Moteltze neurriak hartzen ez badira, 2050. urtean garraio-bide hauen Karbono dioxido igorpena, mundu osoko igorpen guztien %40ra irits daitekeela aurreikusten da.
Handitze hau, komertzioaren globalizazioaren eta bidaiariak areagotzearen ondorioa da. Horrela, sarritan ikusten dugu azken produktu bat lortu bitartean, nola bere osagaiak eta lehengaiak alde batetik bestera bidaiatzen aritu diren, azkenean berriz hasierako toki berean bukatzeko.
Bestalde, hegazkin-txartelen prezioa ere asko murriztu da eta kostu txikiko konpainiek bere merkatu kuota nabarmen zabaldu dute.
Horregatik guztiagatik, gaur egun kontsumo arduratsu baten beharraz jabetzea, inoiz baino premia larriagoa da.