Bagoaz herri gisa ditugun eskubideak eta pertsona ororen eskubide sozio-ekonomiko, zibil, politikoak, etab. erdigunean izango dituen gizartea eraikitzera. Komunaren gizartea eraikitzera goaz, ongi bizitzeko. Eraikitzen hasi gara!
Horretarako ezinbestekoa dugu eragiten diguten gaiei buruz hemen erabakitzea. Hemen bizi, hemen erabaki: gazteen prekarietatea, osasuna, pentsioak, hezkuntza, AHT bezalako azpiegiturak, zerbitzu sozialak, euskara, emakumea eta berdintasuna, elikadura, ekonomia, sistema energetikoa, lan harremanetarako esparru propioa…
Izan ere, Estatuak 155. artikulua “de facto” egunero aplikatzen digu Auzitegi Konstituzionalaren bitartez. Nafarroako Parlamentuak onartu dituen 17 legeren kontrako helegitea eta atzera botatzea dira honen adierazle. Atzera botatako legeek gure ongizateari eragiten diote zuzenean: osasun arloan kopagoa ez ordaintzeko legea, etxe gabetzeak ekiditeko legea, frackinga debekatzen duen legea, cannabisaren kontsumoaren inguruko legea, eskuin muturraren eta estatuaren biolentziaren biktimak aitortzen eta erreparatzen dituen legea…
Sistema kapitalista heteropatriarkala suntsitzeko garaia da: zapalkuntzan oinarritzen delako, bizitzaren merkantilizazioa dakarrelako, sistema bihotz gabea delako, kapitala guztion gainetik jartzen duelako. Eta gizarte eredu alternatibak ditugulako.
Bagoaz langile klasea eta herri sektoreen interesak defendatuko dituen euskal errepublika sozialista eraikitzera! Bakoitzak bere alorretik ekarpena eginez euskal errepublika burujabea eraiki behar dugu. Berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizartea posible delako, alternatibak ditugulako. Euskal Herri burujabea eraikitzeko garaia da, inor itxaron gabe, Estatuaren oniritzirik espero gabe.
Norabide horretan, larunbatean, ekainak 9, “Dena aldatzeko, ongi bizitzeko: BURUJABE!” eguna egingo dugu Altsasun. Bazatoz?