Sakandarrak kate-begi

Guaixe 2018ko eka. 11a, 15:28

Gure Esku Dagotik esan zutenez, “ez gara soilik mobilizatu erabakitzeko eskubidearen alde. Demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan ere eman diogu eskua elkarri”.

Gure Esku Dagoren  deialdiari erantzunez, 175.000 pertsonak Donostia, Bilbo eta Gasteiz giza-kate baten bidez lotu zituzten atzo. 2014an bezala, atzo ere, makina bat sakandar Gure Esku Dagok antolatutako giza katean partaide izan ziren. Lau autobusetan abiatu ziren ibarretik. Eta beste hainbat ibilgailuetan. 193. km-an izan ziren sakandarrak.

Eusko Legebiltzarraren atean bukatu zen giza-katea. Gure Esku Dagoko kideek adierazi zutenez, atzo “ziklo berri baten hasiera irudikatzen ari gara. Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria”. Ekimenean parte hartu zutenek “inoiz baino argiago erakutsi dugu elkarrekin, herri honen etorkizun politikoa erabaki nahi dugula”. Gaineratu zutenez, “milaka arrazoi ditugu, maila pertsonalean zein kolektiboan, gure bizitzetan zuzenean eragiten digutenak, gure etorkizunaz hitza hartu nahi izateko”.

Arrazoiak
Gure Esku Dagoko bozeramaileek azken hilabeteetan hainbat arrazoirengatik izan diren manifestazio handiak gogoan izan zituzten. “Gizartean aldaketak eragiteko dugun indarraz jabetzen ari gara herritarrok. Aldarri horien guztien muinean erabakimenaren auzia dagoela agerian gelditzen ari da. Bertan, Euskal Herrian, erabakitzeko beharrak elkartzen gaitu. Horregatik, aldarri horien guztien topaleku izaten ari da gaurko giza katea”.

Antolatzaileek “elkarlanaren bideak aurrerapausoak ematea ahalbidetzen duela” gaztigatu zuten. Eta gaineratu zutenez, “erabakitzeko eskubidearen aldeko sare iraunkorra” sustatuko dute. “Erabakitzeko eskubidearen egikaritzea giltza izango da hurrengo aroan. Epe luzerako bizikidetza bermatzeko gako garrantzitsua delako, eta herritarron borondate demokratikoa oinarri eta muga bakarra izanik, egitasmo demokratiko guztiak maila berean gauzatzeko aukera eskaintzen duelako, bazterketarik gabe”.

Giza-kateak akaberan Gure Esku Dagoko kideek Herritarron Itunaren aurkeztu zuten. Azken urtean banakoekin eta eragileekin lantzen aritu dira agiria eta bertan “erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi” jaso dituzte 130 orritan. Gure Esku Dagotik azpimarratu zutenez, “arrazoi ugari eta askotarikoak, desberdinak diren arren, guztiek dute muinean erabakimenaren auzia”. Aurreneko zirriborroa da, denen eskuragarri jarriko dutena. Agiri hori Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eraman nahi dute Gure Esku Dagokoek.