Beñat Katarainek etxeko proba irabazi zuen

Guaixe 2018ko eka. 11a, 14:02

15. Lakuntza-Aralar mendi lasterketan 265 korrikalarik hartu zuten parte, 145 proba nagusian, eta Beñat Katarainek etxean irabaztea lortu zuen. Proba laburrean Martinez eta Marin sakandarrak gailendu ziren

Sakandarrak Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketan
Luzea (25 km)
Gizonak:
1.Beñat Katarain (Lak):        2:10:38
14.Iker Flores (Alts):        2:35:37
23.Patxi Cano (Alts):        2:39:37
34.Ioseba Iza (Arb):        2:47:07
41.Tomas Guirado (Alts):        2:51:10
42.Jokin Bereziartu (Alts):    2:51:18
61.Adur Senar (Lak):        3:02:15
67.Iñigo Aldunate (Lak):        3:07:56
80.Ruben Cantero (Alts):        3:14:44
88.Asier Leitza (Arb):        3:18:50
111.Sergio Goñi (Olaz):        3:43:39
112.Iosu Urriza (Hiriberri):    3:44:21
114.Unai Razkin (Irur):        3:47:41

Emakumeak
12.Vanessa Pelaez (Andoain):    2:33:28
91.Haizea Ramirez de Alda (Alts):    3:19:32
100.Ainhoa Beraza (Irañeta):    3:29:22

Laburra (13 km)
Gizonak:
1. Alberto Martinez (Lak):        1:05:25
3.Jabi Gasanz (Alts):        1:07:55
13.Juan Larrea (Alts):        1:12:46
17.Ibon Arregi (Lak):        1:15:22
21.Jose Angel Maiza (Uhar):    1:17:09
24.Luis Areta (Lak):        1:17:59
32.Ekain Alegre (Alts):        1:20:48
35.Joseba Galartza (Itur):        1:21:41
36.Asier Urkia (Etx):        1:21:46
38.Andoni Azanza (Alts):        1:22:18
42.Aimar Araña (Etx):        1:23:56
45.Xabier Etxeberria (Etx):    1:24:13
47.Iñaki Arkauz (Lak):        1:24:40
55.Julen Flores (Lak):        1:26:09
57.Fco. Javier Moreno (Alts):     1:26:28
59.Luismi Chaves (Lak):        1:28:21
62.Urko Rekalde (Lak):        1:29:50
80.Ander Orabengoa (Olaz):    1:34:49
81.Mikel Ziria (Lak):        1:35:05

Emakumeak
46.Nerea Marin (Dorrao):        1:24:14
63.Maider Iragi (Irur):        1:30:29
66.Maria Goikoetxea (Etx):    1:31:39
94.Estibaliz Arkauz (Lak):    1:46:27
95.Uxue Lazkano (Lak):        1:47:29
102.Arantzazu Larrañaga (Uhar):     2:03:59

Aurreikusten zen eguraldia ez zen, inolaz, Lakuntza igandean esnatu zena bezalakoa: garbia, sanoa eta eguzkitsua. Eta panorama horrekin ekin zioten Lakuntza-Aralar mendi lasterketan izena eman zuten korrikalariek probari. Guztira 265 korrikalarik hartu zuten irteera, horietatik 120 ibilbide laburrean (13,3 km, 640 metroko desnibel +), eta gainontzekoak, 145, proba nagusian (25 km eta 1.200 m desnibel +). Azken hau, proba, nagusia, Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako Euskal Mendi Federazioko Lasterketarako baliagarria zen, eta proba laburra Euskal Mendi Federazioko kadeteen Lasterketarako baliagarria.

265 korrikalariek batera ekin zioten probari. Ibilbide luzekoek Lakuntzatik Guardetxera igo ziren, (1035 m), handik Belokiko lepora, Txorrotxetara eta Unagako putzura igo ondoren, Irumugarrietara (1.431 m) iristeko, probako punturik altuenera. Handik ekin zioten jaitsierari, Desaoko bordatik eta Pagomaritik pasa ondoren, Arangunera iritsi eta Lakuntzara jaisteko. Ibilbide motzekoek, adliz, Guardetxera igo ondoren Mugerdirantz jo beharrean Larluzgainera (1.103 m) egin zuten, ondoren Etxaaltxetan ibilbide luzearekin bat egin eta Arangunera iritsi ondoren, Lakuntzara jaisteko. Betiko ibilbidea zen, basolanengatik aldaketaren bat tarteko.

Euria ez, baina lohia. Lohi izugarria zegoen, “txokolatea”. Baina horrek ez zituen korrikalariak kikildu. Ibilbide laburrean sakandarrak izan ziren nagusi. Alberto Martinez lakuntzarrak hegan egin zuen eta bera izan zen helmugara azkarrena heldu zena (1:05:25), Hugo Busto burlatarraren (1:07:32) eta Jabi Gasanz altsasuarraren (1:07:55) aurretik. Emakumezkoetan, Nerea Marin dorrobarra (1:24:14) gailendu zitzaien Rita Jimenez agoiztarrari (1:26:19) eta Janire Agirre ataundarrari (1:27:42). Aipatzekoa da kadeteek ibilbide hau osatu zutela eta Iñaki Latasa agoiztarra (1:09:07), helmugan laugarrena, eta Rita Jimenez (1:26:19) gailendu zirela. Ekain Alegre altsasuarra bosgarren kadetea izan zen (1:20:48). Lehen lakuntzarrak Martinez eta Estibaliz Arkauz izan ziren.

Katarain: “Gogoa nuen herriko proba irabazteko”
Proba nagusian ez zen sorpresarik egon eta Zegama-Aizkorrin 41.a sailkatzetik eta aurreko astean Camille-Extreme irabaztetik zetorren herriko semeak, Beñat Katarainek, ez zuen areriorik izan (2:10:28). Hasieratik erritmoa azkartu eta Guardetxerako aurrea hartua zuen Zegaman bizi den lakuntzarrak, eta herritarren txalo-zaparrada lagun zuela sartu zen helmugara. 6 minutu pasa atera zizkion Goierri Garaia taldean taldekide duen Juanjo Igarzabali (2:16:20). Sestao Alpino taldeko Feli Solanasek, iaz Tritoiena irabazi zuenak, osatu zuen podiuma (2:17:25). Aurreko urtean bigarrena eta aurten herrian irabazi izanagatik oso pozik zegoen Beñat. “Gogoa nuen herriko proba irabazteko, desiatzen nengoen herrian irabazteko. Hurrena Zegama gelditzen zait, baino hura beste kontu bat da, palabras mayores (kar kar)”. Aurreko urtetik hona koxka bat gora egin duela galdetuta, “koxka txiki bat igo dut, igual beste batzuk jaitsi duten bezala” erantzun digu. 29 urte bete berriak ditu lakuntzarrak, oraindik progresioa egiteko nahikoa tarte. “Espero dut progresioa izatea” erantzun digu, irribarrez.

Lakuntzan, beste alde batzuetatik alderatuta, modu ezberdinean hasi zen Beñat. “Hasieratik kolpea jo dut, ea nork jarraitzen zidan. Juanjo ez dabil urtero bezain ondo, baina pozten naiz bera aritzeak, gainera ekipokoa dut. Segi dezala etortzen, erreferente bat da denondako. Bera da pioneroa hemen mendiko karreretan” gaineratu zuen irabazleak.

Hurrengo proba Etxarriko Trikutraila izango duela adierazi zigun, baina aurtengo denboraldirako hiru helburu nagusi ditu: “Munduko Kopako proba batean aritzeko asmoa dut, uste dut Barberan izango dela, baina horrenbeste lasterketekin ezingo dut oso ongi prestatu. Uste dut hobeto joango naizela Comapedrosara, Andorrara, uztailaren bukaeran, eta Zegama bezain garrantzitsua den lasterketa jokatzekoa naiz Italian, Kima Trofeoa, 52 km eta 4.200 metro desnibela duena, 2.000 metroko altueran jokatzen dena, oso teknikoa, beteko nauen lasterketa”.

Emakumezkoetan azkeneko lau kilometroetan erabaki zen proba, ordura arte ia elkarrekin aritu baitziren Vanessa Pelaez, Oihana Kortazar eta Lourdes Oiartzabal, baina azkenean Lakuntzako lasterketan estreinatu zen Pelaez andoaindarra gailendu zen (2:33:28). “Oso polita iruditu zait proba, oso ongi markatuta zegoen. Igotzea kostatu egin zait, baina jaitsieran izugarri gozatu dut. Lohia oso gustuko dut eta gozamen hutsa izan da” zioen Pelaezek helmugan.

Haizea Ramirez de Aldak eta eta Iker Floresek jaso zuten lehen sakandarren saria eta Katarainek lehen lakuntzarrarena. Horretaz gain, beteranoek ere saria izan zuten. Izan ere, korrikalari guztiek kamiseta, bisera eta opari poltsa jaso zuten eta txapeldunek 250 euro eta txapela, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro. Trofeoaren ordez, aurten Zabalarte elkarteko logoaren itxura duen txokolatez egindako tarta jaso zuten opari saritutako guztiek, Lakuntzako Txindoki gozotegiak prestatutakoa, eta sekulako harrera polita izan zuena.

Txingurriye taldearen alde
Lakuntza-Aralar lasterketa hasi eta ordu erdira, Lakuntzan bizi diren jatorri guztien integrazioa lortzea helburu duen aisia eta laguntza taldearen aldeko lasterketa solidarioa jokatu zen. Dortsalak bi eurotan saldu ziren eta plazari buelta ematea izan zen helburua. Ondoren, postua jarri zuten Txingurriyekoek, eta, tartean, jatorri ezberdinetako gozoak jarri ziren salmentan.