Igor Arrieta azkarrena Lizarran

Guaixe 2018ko eka. 12a, 12:09

Kadeteen Gaztetxoak Torneoko 3. proban kadeteen 2. urteko mailan gailendu zen Intersport Irabiako uhartearra. Kadeteen lehen urteko mailan Quesos Albenizko Sergio Lopez laugarrena sailkatu zen

Larunbatean Lizarrak kadeteen VI. Electricidad Kesma Trofeoa hartu zuen, Gaztetxoak Torneoko 3. proba puntuagarria. Bigarren urteko kadeteek 56 km-ko lasterketa osatu behar izan zuten eta Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Igor Arrietak erakustaldi ederra egin zuen: ihes egin zuen eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (1:23:06). 45 segundora sartu ziren Asier Pozo eta Unai Cueva. Laugarrena bere taldekide Aitor Alberdi izan zen, seigarrena Burundako Quesos Albenizko Unai Aznar, 38.a Iker Mintegi (Q.A.) eta 58.a Mikel Lizasoain (I.I.). Intersport Irabia taldekako sailkapenean hirugarrena sailkatu zen.

Lehen urteko kadeteen proban 41 km-ko proba osatu zuten txirrindulariek. Kasu honetan esprintean erabaki zen proba eta Bazpi taldeko Beñat Carbayeda (1:01:36) gailendu zen 24 txirrindulariz osatutako tropeltxoan. Sergio Lopez (Q.A.) laugarrena sartu zen, Hugo Aznar (Q.A.) seigarrena, Martzel Etxeberria (I.I.) zazpigarrena eta Antonio Gonzalez (Q.A.) hogeigarrena. Bestalde, Oihan Etxeberria (Q.A.) 33. postuan sartu zen, Jon Chamorro (Q.A.) 58.ean eta Jon Erdozia (I.I.) 83.a. Aipatzekoa da Hugo Aznarrek mendiko saria irabazi zuela.

Juniorrak Zumaian
Larunbatean junior tropelak lasterketa izan zuen Zumaian, Joxe Mari Korta Memoriala. Xabier Berasategik irabazi zuen (2:21:21) eta Quesos Burundako Ailetz Lasa 22.a sartu zen, 2:01era.