Mulier, Nafarroako Kopako txapelduna

Guaixe 2018ko eka. 12a, 15:36

Lau jokalari sakandar dituen taldeak 2 eta 1 irabazi zion Berriozarri eta Irati Igoa etxarriarrak sartu zituen taldearen bi golak

Larunbatean emakumeen Nafarroako IMQ Kopako finala jokatu zuten, Tafallan, emakumezkoen 2. mailan dabilen Mulierrek eta Nafarroako emakumezkoen erregional mailako irabazle Berriozarrek, hain zuzen ere hurrengo denboraldian 2. mailan jokatuko duen taldeak. Jakina denez, lau sakandarrek jokatzen dute Mulierren: Ane Cantero atzelari altsasuarrak (1997-12-10), Irati Igoa aurrelari etxarriarrka (2001-03-29), Aroa Cerezo atzelari lakuntzarrak (2002-02-26) eta Maitane Vilariño erdilari olaztiarrak (2002-06-30). Azken hirurek aurten debutatu dute taldearekin eta debut bikaina egin dute, gainera, taldearendako ezinbestekoak bilakatu baitira.

Euskal Herriko Kopan final laurdenetan erori ziren Mulierreko neskak, hain zuzen ere Etxarri Aranatzen, Bizkaiko San Ignazioren kontra 2 eta 1 galdu eta gero. Baina larunbatean arantza ateratzeko aukera izan zuten, Nafarroako Kopako finalean 2 eta 1 irabazi baitzioten Berriozarri. Bi taldeak nahiko paretsu ibili ziren lehen zatian, eta bigarren zatian Irati Igoa etxarriarrak Mulier aurreratu zuen. Berriozarrek berdintzea lortu zuen, baina atzera ere Irati Igoak Mulierren bigarrena sartu zuen, garaipenaren gola, Nafarroako Koparen balioa izan zuena. “Egia esan, oso ongi ibili ginen. Ane Cantero lesionatuta dago, baina Aroak eta nik partida guztia jokatu genuen eta Maitanek azken 20 minutuak” azaldu digu Irati Igoa golegileak. Kopa ospatzeko tartea dute orain, atseden hartu eta hurrengo denboraldia prestatzen hasi baino lehen.