Hegan egitea lortu zuten

Guaixe 2018ko eka. 13a, 12:30

120 parapentelari inguruk hartu zuten parte Sakana Parapente Egunean, eta Santa Marinatik ez, baina Eulatetik eta San Migeletik hegan egitea lortu zuten. Afaria eta kontzertuak izan ziren ondoren Iturmendin

Baiza Parapente Taldekoek mimo handiz prestatu zuten larunbateko Iturmendiko parapente topaketa, Sakana Parapente Eguna. Eguraldiak, ordea, ez zuen asko lagundu. Baina bildutakoek ez zuten etsi eta Santa Marinan ez, baina Eulatetik eta San Migeletik hegan egitea lortu zuten.

Izan ere, metereologiaren portaera funtsezkoa da parapentean ibili ahal izateko. Larunbaterako aurreikuspenak ez ziren oso onak, baina hala ere 120 pertsonek eman zuten izena Sakana Parapente Egunean. Estalia eta hego ukituko haizearekin esnatu zen larunbata. Hortaz, Santa Marinatik aritzea –iparraldeko  aireratzea du– ia ezinezkoa zen. Horrela, antolakuntzak Eulatera gerturatzeko iritzia hartu zuen goizean, bertan hegoaldetik aireratzen delako. Tarteka euria egin zuen, baina ateruneetan euren ametsa gauzatu eta zenbait hegaldi egitea lortu zuten bertan bildutakoek. Inor hegan egiteko gogoz ez gelditzeko, biplaza hegaldiak eskaini ziren, hasi berriek edo parapentea ezagutzen ez dutenek hegan egitearen sentsazioa probatzeko. Eta arrakastatsuak izan ziren, oso.

Bitartean, Iturmendin, non-stop edo gelditzen ez den hamaiketakoa prestatzen hasi ziren, arratsalderaino luzatu zena: haragia plantxan, fruta, begetarianoendako jakiak… Arratsaldean, euriak tregua eskaini zuenez, Aralarko San Migelera joatea erabaki zuten parapentelariak, eta gustura aritu ziren. Banaka, biplazan… hegan egitea, hori zen kontua. Ondoren, Iturmendin bildu ziren, Atzapar Rock gazte sakandarren kontzertuarekin gozatzera. Afari oso animatuaren ondoren, opari zozketa egin zen. Denetarik zozketatu zen, bertako produktuak, kamisetak, aulkiak, motxilak, parapenterako bariometro bat… Eta festa giroari ginda jartzeko, Zaparra eta Belack taldeen kontzertua izan zen.

Argazkiak: Baiza Parapente taldea, Andres Lopez de Gereñu, Holi Hola, Xabier Gonzalez, Amaya Munuera, Urko Toledo…