Etorkizuneko tenistak

Guaixe 2018ko eka. 14a, 15:40

Altsasuko Tenis Rubor Txapelketak baditu txapeldunak. Sari ematea maiatzaren 30ean egin zuten eta auzate ederrarekin despeditu zuten aurtengo denboraldia

Altsasuko Tenis Rubor eskolan 60 ikasle trebatu dira aurten tenisean Iban Chaparro, Iratxe Soriano eta Ricardo Cantero monitoreekin. Horietatik 52 ikaslek 16 urte baino gutxiago dituzte eta 8 ikaslek  16 urte baino gehiago. Ikasturtea despeditu berri da, eta balorazioa oso ona egin dute Tenis Rubor eskolakoek. “Oso giro ona dugu, oso gogotsu etortzen dira klasera eta hainbat ekitaldi antolatzen ditugu” adierazi digute tenis eskolatik. Horren isla, otsailean, inauteriak gaia hartuta, “Zure pilota mozorrotu” lehiaketa jarri zuten martxan, eta tenis pilotak mozorrotu zituzten ikasleek, emaitza benetan ikusgarriak lortuaz. Eta hobekuntza taldekoek irteerak egin zituzten.

Baina antolatutakoen artean Tenis Rubor Txapelketa da, akaso, kuttunena tenis ikasleendako. Maiatzaren 12an, 13an, 19an eta 20an jokatu zen txapelketa eta maiatzaren 30ean izan zen sari ematea. Horrekin batera, eta ikasturtea despeditzeko, oroigarria edo oparitxoa jaso zuten eta auzate ederraz gozatu zuten.

Mutilak
Horrela, gizonezkoetan, benjaminetako final oso estuan, Aimar Pache izan zen txapelduna eta Urko Amillano txapeldunordea (4-2 eta 2-3). Mutilen 1 mailako finalean final oso lehiatua eskaini zuten aurten taldean hasi den Oihan Unamunok eta Aitor Augustok. Lehen seta Aitorrek irabazi zuen, bigarrena Oihanek, eta berdinketa hasteko setean biak bikain ibili ziren baina Oihanek gailentzea lortu zuen (4-6, 7-5 eta 7-5). Eta mutilen 2 mailan Xabi Bengoetxea gailendu zitzaion Jon Plissoneauri, partida bikainean. Lehen setean Jonek ez zuen alde zuen egoera aprobetxatu eta Xabik irabazi zuen lehen seta, eta bigarrenean atzera ere Xabi gailendu zen, nahiz eta Jonek ez zuen sekula partida galdutzat eman (6-4 eta 6-3).

Emakumeak
Emakumezkoetan, nesken 1 mailan Leire Larrea dugu txapelduna, Olatz Galartzari 6-1 eta 6-0 irabazi eta gero. Dena den, meritu handia du Galartzak, bere lehen urtean finalera sailkatu delako. Eta nesken 2 mailan lehia oso estu eta borrokatua eskaini zuten Nerea Verak eta Nerea Arellanok. Lehen seta Nerea Arellanok lortu zuen, bigarrena, aldiz, Nerea Verak, eta, hortaz, hirugarren setean erabaki zen guztia. Nerea Vera finago ibili zen eta bera dugu, hortaz, txapelduna.