Merkataritza gune handiek askotan bere eskaintzak Balio Erantsiaren gaineko Zergarik gabeko egun, BEZik gabeko egun gisa iragartzen dituzte. Denda txikiek ez dute gogoko praktika hori. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak Nafarroako beste bederatzi elkarterekin eta Denok Bat federazioarekin batera praktika horren kontrako kanpaina egin dute.
570 dendariendako BEZik gabeko egunen moduko kanpainek “kontsumo engainagarri eta oldarkorra sustatzen dute”. Azaldu dutenez, “orokorrean kontsumitzaileak uste du BEZa altuenari dagokiola deskontua (% 21eko deskontua) eta hori ez da beti horrela izaten, deskontua produktuaren BEZaren araberakoa baita, gehienetan %21a baino baxuagoa”.
Dendariek salatu dute “formatu oso bortitzeko” halako kanpainak ohikoak direla hedabideetan. “Kontsumitzaileari iristen zaion mezua zergarik gabe erosten duela da. Baina hori gezurra da. Azken finean, guk guztiok Foru Ogasunari ordaintzen diogun Balio Erantsiaren gaineko Zerga marketing tresna gisa erabiltzen dute operadore handiek”.
Tokiko ereduaren abantailak
Elkarteetan dauden tokiko dendek uste dute “merkataritza gune handiek egiten dituzten ekimen horiek Nafarroa guztiarendako kaltegarriak” direla. Eurena beste eredu bat dela nabarmendu dute: “gertuko salmenta baten alde egiten dugu egunero, geure udalei eta mankomunitateei zergak ordainduz eta, horrela, tokiko erakundeen finantziazio-iturri garrantzitsu batean bihurtzen gara”. Dendarien iritziz, “denon artean gizarte zentzudun eta jasangarri bat garatu beharrean, kanpaina horien erruz gure bizilagunek BEZik gabeko egunetan erostea hobea dela uste dute; hau da, zergak ordaintzen ez ditugun egunetan, osasun edo hezkuntza laguntzen ez dugun egunetan, zerga paradisuetan zergak ordaintzea hobe den egunetan”.
Bortzirietako, Malerrekako, Baztango, Sakanako, Tuterako, Errotxapeako, Sanduzelaiko eta Txantreako dendek “ozen eta garbi” esan dute BEZik gabeko egunen kontra daudela eta, hortaz, “euren bezeroei jakinaraziko dietela BEZik gabeko egunetan zerbitzu publikorik gabeko eta zergarik gabeko egunetan, hobe dela ez erostea”.