Institututik lantegietara lan mundua ezagutzeko

Guaixe 2018ko eka. 16a, 11:59
Ikasleek egindako bisitekin egindako argazki muntaia.

Altsasu institutuko DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleak joan den astean hainbat enpresa bisitatu zituzten, Guraso Elkartearen proposamen eta kontaktuei esker. Bisita horien helburua izan da "lanbide desberdinak ezagutzea eta prestakuntzaren inguruko informazioa jasotzea eta hausnartzea. Izan ere, ikasleak erabaki garrantzitsuak hartzeko unean daude ibilbide akademikoari dagokionez".

Ikasleak esku zabalik hartu zituzten Altsasuko kooperatiban, Cementos Portlanden, Etxegabeen aterpean, Birziklatze Laborategian, Izarten, Josefina Arregi klinikan, Larrezabal gaztandegian eta Sunsundeguin.  "Lantegi eta lan horien oinarrian pertsonak daudela nabarmendu dute guztiek, beti hobetzeko ahaleginean, etengabeko berrikuntza eta formakuntzan".

Lanpostu bakoitzean prestakuntza akademiko eta profesionala behar den azaldu zieten, eta ikasketa ibilbide bakoitzak irekitzen dituen ateak zehaztu zizkieten. "Denek azpimarratu dute norbanakoaren interesek eta motibazioak lanean asko eragiten dutela. Eta lanean, ikasketetan bezala, talde lana ezinbestekoa dela adierazi dute". Ikasleak gustura egon ziren. Ikastetxeak, berriz, heldu den ikasturtean esperientzia errepikatzeko asmoa du.