Euskarazko ikastaro teknikoetara joateko diru-laguntzak

Guaixe 2018ko eka. 18a, 08:56

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak jakinarazi du ikasketa ofizialak eta arautuak ez diren ikastaro, jardunaldi, biltzar, mintegi edo halakoetan parte hartzen duten sakandarrek diru laguntza eskatzeko aukera izanen dutela. Beti ere euskaraz badira. Horien barruan sartuko lirateke, besteak beste, Udako Euskal Unibertsitatearen eskaintza,  Euskal Herriko Unibertsitateak udan antolatzen dituen ikastaroak eta Hik Hasiko udako topaketak. Euskararekin edota hizkuntza gutxituen normalizazioarekin edo soziolinguistikarekin zerikusia dutenak sartzen dira ere.

Ibarreko erakundeak 500 euroko poltsa du eskatzaileen artean banatzeko. Onuradunek ezinen dute 200 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak azaroaren 20ra arte aurkez daitezke Mank-en Lakuntzako egoitzan. Informazio gehiago 948 464 867 telefono zenbakira hots eginez edo euskara@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatziz.